Urteko bigarren hiruhilekoa uste baino okerragoa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiarentzat. Eusko Jaurlaritzak espero zuen Barne Produktu Gordina%2,6 gutxituko zela, baina errealitatea gordinagoa izan da, %3,6jaitsi baita, industriaren eta familien gastuaren amiltzearen erruz batik bat. Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren arabera, ekonomia orain dago bere unerik okerrenean. Azken hiruhilekoan zertxobait hobera egin beharko lukeenez, Jaurlaritzak espero du 2009 amaieran BPGren uzkurtzea %3an geratzea.
Eustatek atzo zabaldutako datuek ez dute atzeraldiaren amaiera iragartzeko aukerarik ematen. Datuak aurreko hiruhilekoan baino okerragoak dira, baldin eta iazkoekin alderatzen badira. Esaterako, 2009 bigarren hiruhilekoan BPGa iazkoa baino %3,6 txikiagoa izan da, eta uzkurdura %2,5ekoa zen lehenengoan. Hori bai, badirudi atzeraldia erritmoa galtzen ari dela: aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, ekonomiak %1,5 egin zuen atzera lehengoan, eta %1 azkenekoan.
Agirrek onartu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ziklo ekonomikoa Europako Batasuneko herrialde gehienetan baino atzerago doala eta, horregatik, datu positiboak ez direla 2010 amaiera arte iritsiko. Krisiak ogasunen diru bilketa murriztu duenez, Agirrek esan zuen errenta zerga «ukitu» beharko dela, eta 400 euroko kenkaria aipatu zuen.
Araban, okerrago
Lurraldeka, Arabak izan du bilakaerarik txarrena (-%4,1), Agirreren esanetan, larri dabiltzan enpresa gutxi batzuek -Mercedes batik bat- indar handia dutelako. Gipuzkoan %3,7 jaitsi da ekonomia eta %3,5 Bizkaian.
Sektoreka, nabarmena da industriaren beherakada. 2008ko azken hiruhilekoan hasi zuen gainbehera, eta erritmoa bizkortzen ari da: %8,6 jaitsi zen aurtengo lehenengoan 2008koarekin alderatuta eta %10 azkenekoan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, aldiz, erritmoa mantsotu da: -%1,4 zen lehen, eta -%0,6 da orain. Ondorioa enpleguan ikusi da: apiriletik ekainera 10.000 lanpostu desagertu dira sektore horretan, besteetan baino askoz gehiago.
Mila lanpostu suntsitu dira eraikuntzan.Sektore horrek, berriz, bost hiruhileko daramatza atzeraldian, baina industrian baino motelago: -%4,8 urtarriletik martxora, eta -%5,2 apiriletik ekainera. Zerbitzuek lanpostuak sortzen jarraitzen dute, nahiz eta azken hiruhilekoan, lehen aldiz, bilakaera negatiboa izan duten (-%0,5). Lehen sektoreak joera guztiak hautsi ditu: %17,2 hazi zen lehen hiruhilekoan eta %9,9 bigarrenean.
Eskariaren aldetik, familiek %4,6 murriztu dute gastua. Are okerrago doa enpresen inbertsioa: %9,1 jaitsi da. Gastu publikoak eutsi egiten dio hazkundeari. Merkataritza nabarmen moteldu da, baina inportazioak (-%17) esportazioak (-%16,4) baino gehiago jaitsi direnez, kanpo saldoa hobera egin du.
Ekonomia unerik txarrenean orain dagoela ziurtatu du Jaurlaritzak
Urteko bigarren hiruhilekoan %3,6 txikitu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG, eta urte amaierako %3ko uzkurtzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu