Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 profesional baino gehiago biltzen ditu elkargoak. Kolektibo horrek dituen iritziak bildu eta gizarteratzeko inkesta bat egitea erabaki dute. Sei hilabetean behin argitaratuko dute, eta Ekonometro izena hartuko du. Lehen inkesta abenduan egin zuten, eta elkargokideen lagin adierazgarri batek parte hartu zuen, ia 900 lagun. Gaur goizean aurkeztu dituzte emaitzak, Bilbon.
Inkestak bi parte izango ditu. Bat azterketa guztietan errepikatuko da, eta ekonomiak duen egoerari buruzko ikuspegi orokorra azalduko da. Bestean, berriz, galdera ezberdinak planteatuko dira. Lehenbiziko ale honetan zerga sistemari, independentziari eta aberastasunaren banaketari buruzko galderak daude.
Egoerari dagokionez, hobera egiteko joera indartzen ari dela diote emaitzek. Hala, orain dela sei hilabeteko egoerarekin alderatuz, %23,3k uste dute egoera hobetu dela, eta, aurrera begira, %43,2k hobera egingo duela diote. Sei hilabete barru egoera okertuko dela diotenak %11,4 baino ez dira. Ikuspegi baikorrena Gipuzkoan dute ekonomialariek.
Lehiakortasunari eragiten dioten faktoreak ere salkatu ditu inkestak. Erabakigarrienak hiru lirateke: finantzaketa, formakuntza eta kontsumo maila. Ekonomialarien %84k uste dute finantzaketa eskuratzeko aukerak eragin handia duela enpresen lehiakortasunarekin.
Independentziarekin, okerrera
Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Espainiatik ateratzeak nolako ondorioak lituzkeen ere galdetu du Ekonometroak. Ekonomialarien %58,9k uste dute egoera ekonomiak okerrera egingo lukeela, %25,2k hobera, eta %15,9k diote ez lukeela eraginik izango. Adina faktore funtsezkoa da atal horretan. Hala, 30 urtetik beherakoen artean gehiago dira egoerak hobera (%40) egingo lukeela edo eraginik ez legokeela uste dutenak (%13,1), okerrera egingo dutela uste dutenekin alderatuz.
Galderak "ahalik eta neutroen" izaten saiatu direla azaldu du Iñaki Ruiz elkargoko lehendakariordeak. Independentziari dagokionez, prozesu hori benetan gauzatuko litzatekeen baldintzei buruzko informaziorik ez izateak eragin asko du, haren ustez.
Foru erakundeetan oinarritutako zerga sistema aztertu dute, era berean. Kasu horretan, ekonomialarien %63k ez diote zentzurik ikusten hiru sistema ezberdin izateari. Gipuzkoarrak dira (%70) hiru ogasuneko sistemaren egokitasuna gehien jartzen dutenak zalantzan.
Aberastasunaren banaketa
Krisi ekonomikoaren ondorioak neurtzen ere saiatu da Ekonometroa. Alor horretan adostasun oso handia dago ekonomialarien artean: ia hamarretik zortzik uste dute aberastasunaren banaketan desorekak handitu direla azkenaldian. Herrialdeen artean ere bada ñabardurarik. Arabako elkargokideen artean %84k uste dute banaketak okerrera egin duela, eta Gipuzkoakoen artean hamar puntu gutxiago dira, %74.