Ekonomiaz arduratzea eskatu die SEAk administrazio publikoei

Sindikatuen azterketak «garaiz kanpokoak» direla uste du Jose Manuel Farto idazkari nagusiak

Ivan Santamaria.
2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ekonomiari behar besteko arreta ez ematea egotzi die Jose Manuel Farto Arabako Enpresaburuen Elkarteko (SEA) idazkariak administrazio publikoei eta alderdi politikoei. Adierazpenak egiteaz aparte, Espainiako Gobernuak nahiz Jaurlaritzak ez dutela inbertsioa sustatzeko deus egiten uste du, eta enpresaburuek ez dituztela dagoeneko politikarien promesak sinesten ohartarazi zuen, atzo, egoera ekonomikoari buruzko udaberriko txostena aurkezterakoan.

Fartoren arabera, Espainiako eta Euskal Herriko ekonomiek egitura arazo larriei aurre egin beharreko tenorean daude, batez ere lehiakortasunean eta produktibitatean indarra galdu dutelako. «Hemen energia guztia politikak eramaten duen bitartean, geure lehiakideetan, Italian izan ezik, transformazio ekonomikoak eramaten du».Argudioa indartzeko Espainiako estatuaren egoerari buruzko eztabaidari buruz mintzatu zen SEAko buruzagia. Hitz hutsalak, baina ezer gehiago ez. «Espainia ongi dabil leloa entzuten jarraitzen dugu, baina beste batek esan, eta ekonomiak denbora guztiaren %2 eraman du hitzaldietan, edukirik gabe». Are urrunago jo zuen Fartok, eta ez dagoela ezta kritikatzeko ezer ziurtatu zuen: «Mahai gainean ez dago proposamenik, ezta ekonomiari buruzko eztabaida seriorik ere, tamalez».Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berriz, teknologian edo beste alor batzuetan batez bestekotik gora gaudela azpimarratzeaz gain, administrazioek ez dituztela benetako arazoak planteatzen iruditzen zaio. «Politikariek ekonomia errealaz ez arduratzearekin kezkatzen hasiak gara», laburbildu zuen.Enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea gainbeherako joera dutela ondorioztatu du SEAk udaberriko txostenean, eta arduraturik daude enpresaburuak. Inkesta baten arabera, enpresen %75 ez dira hazten ari edo atzera egiten ari dira, eta soilik laurden bat dago ondo.Egoera horri buruz sindikatuek egiten duten azterketari «garaiz kanpokoa eta irrazionala» iritzi dio Jose Manuel Farto SEAko idazkari nagusiak, eta etorkizunean egungo bizitza kalitateari eutsi ahal izatea jokoan dagoela iradoki zuen.

Confebaskerako Adegiren hautagaiaz jarrerarik ez

Miguel Lazpiur Confebaskeko buruzagitzarako hautagai izendatzeko Adegik iragarri duen asmoaz ez duela jarrerarik ziurtatu zuen SEAko idazkariak, ez baitute orain arte hautagaitzari buruzko jakinarazpen ofizialik jaso. Adegiren asmoei buruz hitzezko komunikazio baten bidez jakin dutela onartu zuen, baina, Confebaskeko estatutuak eskuetan, ez dela hautagai ofizialik izendatu nabarmendu zuen.

Hautagaiari buruz deus ez dakitela argudiatu zuen Fartok, eta proposamena ofiziala denean erabakiko dute nola jokatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.