Ekonomikoki kinka larrian dauden familiei laguntzeko asmoz, plan bat abian jarri du Ermuko Udalak, eta haien beharrak betetzeko "baliabide zehatz" batzuk eskainiko ditu. Ez itxaron beranduegi izan arte, bakarrik ez zaude eta izena ipini dio egitasmoari.
"Planak krisialdi luzearen eraginez eta, batez ere, langabezian geratzearen ondorioz ia-ia porrot ekonomikoa izaterainoko arriskua duten familiei laguntzea du helburu", dio udalak. Udal Elkartasun Kontseilura bildutako herriko udal talde, gobernuz kanpoko erakunde, elkarte eta taldeekin "elkarlan estuan" jardunez landu du.
Egoera larrian dagoen herritar bakoitzari eta haren kasuari egokitutako neurri eta jarduerak gauzatzeko asmoa dauka udalak.
Helburu nagusiak
- Berehala erantzuteko eta hurbileko zerbitzu sare bat jartzea.
- Familiei laguntza prebentiboa eta goiztiarra ematea.
- Premiazko kasuetarako presako beste sare bat sortzea.
- Ekimen publikoa eta pribatua harmonizatzea eta koordinatzea.
Planean proposatzen diren zerbitzu eta laguntzak, atalka
- Pertsonaren edo familiaren egoeraren banakako azterketa orokorra.
- Pertsona profesionalen laguntza kasuak kudeatzeko.
- Oinarrizko beharrizanei eta premiaz konpondu beharrekoei arreta ematea.
- Pertsona-familiaren egoeraren ondoriozko osasun arazo fisiko zein psikologikoei erantzuteko laguntza.
- Ohiko etxebizitza galtzeko prozesuan dauden pertsona eta familien etxebizitza premiari berehalako erantzuna ematea.