Pello Gibelalde (ADEGI-ko presidentea)

"Ekonomikoki zama bihurtu zaigu Espainia; erdira erori da merkatu hori"

Krisitik ateratzeko "oinarriak" badirela dio Adegiko presidente Pello Gibelaldek, "baina debora bukatzen ari zaigu", gaur BERRIAko 'Igandea' gehigarriak argitaratu duen elkarrizketan. Paisaia etsigarria marraztu arren, sinetsita dago euskal gizartea "tuneletik" aterako dela, "eta Espainia baino askoz lehenago". Sindikatuei, bereziki ELAri, "erantzukizuna" eskatu die.

xabier martin
2012ko urriaren 7a
15:14
Entzun

Mezuak ditu eragile denentzat. Pello Gibelaldek (Legazpi, 1945) "adeitasuna" eskatzen dio Diputazioari zerga politikan; "erantzukizuna" sindikatuei, eta "gurasoen izpiritua berreskuratzea" gizarteari, oro har. "Sendoago aterako gara krisitik", dio, "hazkunde osasuntsuagoarekin".

Orainaldi beltza baino beltzagoa marraztu berri duzue, eta etorkizun kezkagarria. Hain da okerra egoera?
Izugarri gaizki gaude. 70eko eta 80ko krisietatik atera ginen, eta oraingo hau 1929arekin alderatu dugu. Denak elkarrekin bagara aurrera aterako gara; hori barneratu behar dugu.

Gizartea amildegiaren albo-alboan kokatzen duten zenbaki makroekonomikoen artean, ba al da besteak baino gehiago kezkatzen zaituen baten bat?
Zenbaki guztiak daude loturik kate berean, baina bistan da langabeziarenak kezkatzen gaituela gehien. Gure helburu nagusia da langabeziaren hazkundeari galga jartzea eta gorantz hastea. Azala utziko dugu erronka horretan.

Erantzun zaileko galdera bat: zer egin behar da enplegua sortzeko?
Ez da hain zaila: inbertsioa egin behar da, hazteko eta lanpostuak sortzeko. Murrizketak egin behar ditugu lehen baino txiroagoak garelako; horretan ez izan zalantzarik, baina inbertsio produktiboan ezin da murrizketarik egin. Eta ez dugu estrategia hori aurrekontuetan islaturik ikusi. Hori da arazoa.

Langabezia saria eta beste diru laguntzak batzuk ere jasotzeko arazoak daude; diru publikoaren inbertsioa eskatzen ari zara enpresentzat?
Gakoan jo duzu zuk zeuk: langabeziak sariak ordaindu behar ez izateko modurik hoberena langabezia ez egotea da. Langabeak lan egiten duenaren duintasuna nahi du; tragedia ugari dago familien artean. Langabezian egotea erabateko porrota da.

Sindikatu, administrazio eta enpresaren arteko itun handi bat eskatzen ari zarete azkenaldi honetan, enplegua sortzeko. Erantzunik jaso duzue, era batera edo bestera?
Bertutea beharrean jaiotzen dela diote. Lan harreman eredu berri bat behar dugu. Europako iparraldea eredu on bat da. Enpresak guztion helburua behar du izan. Enpresarien eta langileen batura da enpresa. Bietako bat ez bada ez dago enpresarik. Gizarte kohesioa ezinbestekoa da; ezin dugu etengabeko borrokan egon. Azala uzten ari gara enpresariak enpleguari eusteko. Horregatik eskatzen dugu ituna.

Greba orokor baten biharamunean gaude; langileak ez dira azala uzten ari enpleguari eusteko?
Sindikatuak eta langileak ez dira gauza bera. Sindikatuek langileen interesak defendatzen dituzten elkarteak dira, eta une honetan frogatzen ari gara sindikaturen bat ez dela eragin ona izaten ari langileen enpleguaren babesari dagokionean. Sinetsita nago azkenaldi honetan sindikatuak ez daudela enplegua sortu eta mantentzearen aldeko lanean, eta bereziki sindikatu batez ari naiz.

ELAri buruz?
Bai, ELAz ari naiz. Erakutsi digu, ordezkariekin aurrez aurre egon garenean, ez  duela enpresariekin akordio batera iristeko borondaterik, ez duela nahi. Langileak kaleratzeko lan erreforma baliatu dugun esplotatzaileak gara enpresariok haientzat, eta konfrontazioa gauzatzen dute. Errealitatea oso bestelakoa da, ordea.

Langile ugarik babesten dute ELA, ordea.
Bai, %41 inguruko ordezkaritza dauka. Langile askok uzten dute alde batera konfrontazioa, eta krisia areagotu ahala, gero eta gehiago izango dira. Historiak epaituko gaitu denak, baita sindikatuak ere.

Malgusegurtasuna proposatzen duzue adostasun bat eratzeko. Sindikatuen erantzunik jaso duzue?
Malgusegurtasunari ere irakurketa okerra eman diote sindikatuek. Haien bertsioa da enpresariarentzat dela segurtasuna, eta langilea babesik gabe geratzen dela. Alderantzizkoa da: konpainia lan kargaren arabera egokitzeko gaitasuna da, eta segurtasuna langilearentzat.

Lan kargaren arabera kontratuak egiteko eta eteteko erraztasuna esan nahi duzu?
Ez, ez, kontuz; hori elkarren arteko konfiantzak finkatzen du. Begira, eraldaketa berehala egitea oso zaila izango da, baina ikusiko dugu epe luzera. Gogorra izango da prozesua, baina enpresariek beste eragileei egin diezaieketen proposamena da hau da oraintxe bertan. Lan harremanen ereduaz ari naiz, epe luzera. Enpleguaren aldeko ituna lehenbailehen nahi dugu, ordea, behar-beharrezkoa zaigulako denoi.

Zein da administrazioaren rola auzi honetan?
Gehiegi hitz egiten da administrazioaz, baina esango dizut enpresarekiko tratu adeitsuagoa izan beharko lukeela, hasteko zerga mailan. Enpresa da krisia salbatuko duen bakarra. Gipuzkoarren %85 enpresan aritzen da.

Enpresak sortzeko laguntza publiko gehiago eskatu duzue; ez dago nahikorik?
Hemen langabeziaren arazoa konpondu behar da. 51.000 langabera iritsiko gara datorren urtean. Zergatik ez ditugu sortzen 7.000 enpresa? Zergatik ez dituzte sortzen sindikatuek? Gipuzkoa enpresarien haztegia zen; non dago Gipuzkoa hori? Erraza da zerbait egiten duenari kritika egitea.

Administrazioaren rolak zein behar du orduan?
Enpresak bezeroez bizi dira; administrazioak bigarren mailako rola dauka, baina inbertsio eta zergen aldetik enpresak sortzearen alde egon behar du.

Sozietate zerga ez doa bide horretatik, eta ez da soilik Gipuzkoako Foru Aldundiaren ildoa, Bizkaikoa ere kenkariak kentzearen alde agertu da.
Kontuz, behia gehiegi jezten bada, esnea emateari utziko dio eta. Enpresa ez da erakundeen diru bilketa hobetzeko tresna. Diputazioak jetziko duen behia-enpresak ez du funtzionatzen. Enplegu gehiago sortzearekin bat lortuko dute diputazioek bilketa hobea.

Diru bilketa asko jaitsi da, ordea, krisi garaian. Zein da bidea ba?
Diru bilketaren %70 inguru da enpresen BEZ eta errenta zergak. Hori oso kontuan hartu behar da. Ez gaude ados enpresak gehiago zergapetzearekin. Zerga politikak izan behar du enpresa jarduera eta ekonomia sustatzeko, Europako ereduetan bezala, Suedian bezala . Ez dugu urritasuna banatu nahi, tarta handitu nahi dugu.

Zer-nolako harremana duzue Martin Garitanok zuzentzen duen Foru Aldundiaren gobernuarekin?
Harreman handia dugu; ezin du bestela izan. Beti gaude prest hitz egiteko; enpresariek behar duguna badakite, eta diru bilketa hortik abiatuta handituko da.

Ez duzu esango zein nahiago duzun Lehendakaritzan hauteskundeen ostean, baina zer eskatzen diozu aurki Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatuko dutenari?
Irmoa, sendoa eta gardena izan behar du Jaurlaritza berriak, krisiari modu azkarrean eta eraginkortasunez eraso egingo diona. Herrialde pobrerik ez dugu behar. Izan dugun aberastasunaren parekoa ez dugu berreskuratuko beharbada, baina ongi izatea berreskuratu behar da. Ez dut eskatzen kudeatzaile ekonomiko bat, baina bai bere lehentasun nagusia krisitik ateratzea izatea, minutuz minutuz aritzea horretan.

Politika zehatzei ekiteko eskuduntzak falta direla diote. Subiranotasunean sakontzea krisitik ateratzeko bide laburrena delako ustea zabaltzen ari da. Adegiren barruan ere bai?
Zuk galdetu dezakezu, baina Adegi gisa ezin dugu politikan sartu. Gure bazkideen artean iritzi politiko desberdinak daude. Badakit, bestalde, Kataluniakoa nola dagoen.

Nola dago?
Artur Masek ere ez daki zer gertatu den Katalunian. Independentzia hitza maniobra politiko gisa sartu dute eztabaidan. Independentzia ez da arrazoi nagusia hauteskundeak aurreratzeko, ekonomia baizik, porrot egoera, ez gaitezen engaina. Katalunian pezetak huts egiten duenean, kontuz. Testuingurua eman behar zaio honi.

Espainia zama bat bihurtu da gure enpresentzat?
Gure merkatuaren %60a zen eta orain erdira jaitsi da; zama bihurtu zaigu. Espainia baino askoz lehenago aterako gara gu krisitik. Desberdin jokatzen dugulako, besteak baino erantzukizun handiagoarekin, enpresa sare sendoagoa dugulako, eta giza balio desberdina dugulako.

"Erantzukizuna", "etika", "gurasoen izpiritua" eta abar aipatzen dituzue. Langileen konpromisoa eta enpresan duen parte hartzea igo behar bada, kooperatiben eredura hurbiltzen al da zuena?
Ez dago urrun behintzat. Bide batez esango dizut ELA ez dela sartzen Eroskirekin soldatak jaisten direnean han edo beste edozein kooperatiban. Gipuzkoan badira jadanik malgusegurtasunarekin ari diren enpresak.

Espainiak bigarren erreskatea eskatuko du? Eskatu beharko luke?
Ez dakit, ez ditudalako xehetasunak, baina Judasi esan ziotena esango nuke: ‘lehebailehen egin ezazu egin behar duzun hori’.

ETAren gutunen kontua gai itxia dela esan zenuten herenegun; "zama" hori kentzean euskal ekonomiak gora egingo zuela esan du askotan Adegik. Testuinguruak huts egiten du orain, ezta?
Nik neuk esan dut askotan suziria bezala aterako ginela gora, baina orain beste arazo batzuk ditugu. Baina ohituta gaude, eta hemendik ere aterako gara. ez beldurretik abiatuta, beldurra bakarrik beldurrari eduki behar zaio. Porrota ez saiatzea da. Gipuzkoa eta Euskadi sendoago aterako da krisi honetatik, hazkunde iraunkor eta osasuntsuago batekin. Argia ikusten has gaitezke laster tunelean, baldin eta denok lan gehiago eta hobea egin behar dugula ulertzen badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.