ELA: «Aldundiak enpresentzako 'low cost' lurraldea bihurtu nahi du Bizkaia»

Batzar Nagusiek sozietateen zerga jaistea erabaki dute: 2019ko irabaziengatik %60 gutxiago ordainduko dute enpresek. Sindikatuak aldundiko kideen «hipokrisia» salatu du .

Janire Landaluze eta Mikel Noval, ELAren azterketa bulegoko arduradunak. ELA
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 11
12:11
Entzun

Bizkaian sozietateen gaineko zerga jaisteko erabakia «bidegabea da, elkartasunaren aurkakoa, eta uneotan egin behar denaren kontrakoa», eta ondorio zuzen bat izango du: murrizketa sozialak. Hala salatu du Mikel Novalek, ELAko azterketa bulegoaren arduradunak.

Bizkaiko Batzar Nagusiek aldundiaren proposamena onartu zuten asteazkenean —EAJ, PSE eta PPk alde bozkatu zuten, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek, kontra—. COVID-19aren krisiaren ondorioekin loturik galerak izan dituztela edota euren jarduera murriztu dutela erakusten duten enpresek %60ko jaitsiera izan dezakete sozietateen gaineko zergan.

Beste neurri batzuk ere onartu zituzten, hala nola enplegua sortzeagatiko kenkariaren muga 5.000 eurotik 7.500 eurora igotzea, edo errenta zergan kenkariak ezartzea mikroenpresetan, enpresa txiki edo ertain sortu berrietan, edo berritzaileetan inbertitzen dutenei.

ELAk harridura agertu du patronalak berak ere ez zuelako halako «oparirik» eskatu. Eta erabakiak «logika jakin bati» erantzuten diola salatu du: «Bizkaia errenta altukoentzat, enpresentzat eta kapitalarentzat low cost lurraldea bihurtzeko asmoari, alegia», azpimarratu du Novalek. Sozietateen zerga jaistearekin batera COVID-19aren krisiaren lehen asteetan aldundiak funts kudeatzaile aberatsentzako zergak ere jaitsi zituela gogoratu du ELAko kideak.

Ondorioa: «murrizketak»

Sindikatuak, komunikabideetara bidalitako oharrean, Bizkaiko agintarien «hipokrisia» salatu du: «Esaten dute hau ez dela zerga erreformetarako unea, baina presaka jaitsi dituzte enpresen etekinen gaineko zergak. Beste batean harmonizazio fiskala oso garrantzitsua omen da, baina ziztu batean mozten dituzte enpresa eta kapitalen zergak».

ELAk uste du Eusko Legebiltzarraren esku utzi behar direla «behingoz» itunpeko zergen inguruko gaiak, «eta ez gardentasun eta parte hartze sozialerako mekanismorik ez duten aldundien eskuetan».

Novalek azpimarratu duenez, diru sarrerak gehitzeko zerga erreformarik egiten ez bada, «murrizketa latzak» egongo dira, aurtengo zerga bilketan aurreikusi den jaitsiera dela eta —3.000 bat milioi EAEn—. «Murrizketak berehala etor daitezke, edota beranduago, euskal erakundeak zorpetuz gero. 2008ko krisiaren ostean ere defizita puztu egin zen diru bilketa urritu zelako, eta sortu zen zorra hainbat murrizketa pairatuz ordaindu genuen, osasungintzan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan eta prestazioetan», gogoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.