ekonomia

ELA: "Gasteizko Gerdau-Sidenor lantegia hiltzeko arriskuan dago"

Sindikatuak azaldu du zuzendaritzaren asmoa altzairua xaflatzeko Conti makina ixtea dela, eta 90 langileri kalte egingo lieke hala. Gasteizko plantaren itxieraren hasiera dela uste du ELAk.

Berria.info
2013ko azaroaren 19a
18:24
Entzun

Brasilgo Gerdau multinazionalak, Sidenor ohiaren jabeak, Gasteizen duen lantegia "hiltzeko arriskuan" dagoela ohartarazi du ELAk. Zuzendaritzak sindikatuari azaldu dionez, "plan industrial berri bat" aurkeztuko du konpainiak, eta datorren udara baino lehen plantako altzairua xaflatzeko Conti makinaren jarduera etengo du. Makina kate horretan 90 lagun inguruk lan egiten dute, eta horien lanpostuak arriskuan ikusten ditu sindikatuak. 

ELAk erabaki horren artzean ikusten duen arrazoi bakarra Gasteizko lantokiaren itxiera prozesua abiatzea da. "Altzairu fabrika itxi zenetik makina xaflatzailea izan da enpresaren balio nagusia. Hori ezabatzeak garamatza pentsatzera Gerdau-Sidenorren itxieraren hasiera dela hau", azaldu du sindikatuak.

Zuzendaritzaren "obskurantismoa" langileen artean "giro txarra" sortzen ari dela nabarmendu du ELAk, lehenbizi behin-behineko beharginak eta gero mugagabeak kaleratzeko beldur baitira. Egoera bideratze aldera, etorkizunerako proiektu industrial "garden bat" aurkezteko eskatu dio zuzendaritzari ELAk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.