ELA indarkeriarik gabeko subiranotasun prozesuaren alde maiatzaren 1ean

Bilbon manifestazioa egingo dute Langileen Egunean, 'Langileak garelako, klase harrotasuna' leloarekin.

2007ko apirilaren 23a
16:28
Entzun
ELAk "indarkeriarik gabeko subiranotasun zibil eta demokratikoaren prozesuaren aldeko apustua" berretsiko du maiatzaren 1ean, Langileen Egunean, nahiz eta "ETA itzultzeko arriskua handia" den, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak gaur esan duenez. Indarkeria da, haren ustez, subiranotasunaren garapenerako "eragozpen nagusia".

Hala, subiranotasun zibil eta demokratikoan sinesten duten eragileen indar metaketa" egitea aldarrikatu du. "Prozesu politikoa eta abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko akordioak ez dira bateragarriak".

Sindikatuak "konplexurik gabe eta tinko" defendituko du bere planteamendua, "ezkortasunerako zantzuak egon arren, atzera egingo den beldurra dagoelako". Elorrietak indarkeria bukatzeko beharra azpimarratu du; "ekintza politikoari utzi beharko lioke lekua, inolako baldintzarik eta ñabardurarik gabe".

Horretaz gain, Langileen Egunean lan munduko "prekarietatea" salatuko du ELAk, baita erakunde publikoen gaurko "gizarte eredua" ere (zerga tasaren jaitsiera eta AHT aipatu ditu, kasu).

Langile izateaz "harro" daude ELAkoak, eta gaur egun neoliberalismoak "klase kontzientzia ezabatu" egin nahi duela diote.

Bilbon manifestazioa egingo dute maiatzaren 1ean, eguerdian, Jesusen Bihotzetik, Langileak garelako, klase harrotasuna leloarekin. Aurrez, mitina egingo dute. Manifestazioaren ondoren, bazkaltzera joango dira Barakaldora (Bizkaia), BECera.

Adoldo Muñoz eta Alazne Alonso zuzendaritzakideek lagundu diote gaur prentsaurrekoan Elorrietari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.