Greba sektore publikoan

ELA: «Sektore publikoko behin-behinekotasun tasa sektore pribatukoa halako bi da»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen %40k aldi baterako kontratua salatu dute, eta horren atzean zerbitzuak pribatizatzea dagoela.

Osakidetzako langileak protestan, iazko azaroan eginiko greban. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 19a
15:05
Entzun

«Propagandatik haratago doazen neurriak hartu behar dira langile publikoen egoera hobetzeko», eta egoera hori hobetuko luketen erabakiak «baldintzatzeko» babestu du ELA sindikatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan ostegunerako deitua dagoen greba deialdia. LAB, CCOO, ESK eta Steilasekin batera egin du deialdia --UGT eta Interinok sindikatuak ez dira batu--, eta helburuak argi ditu: egun behin-behinean dauden 60.000 langile publikoen egoera «finkatzea», lan estruktura publikoak dituen beharrak kalkulatzea eta horrela azpikontratazioaren bitartez ematen den pribatizazioari aurre egitea. Hori salatzeko, grebaz gain, manifestaziora deitu dute goiz horretarako Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Igor Eizagirre sindikatuak sektore publikoan duen arduradunak langile publikoen behin-behinekotasun tasaren inguruko datu argigarriak eman ditu: «Europan langileen %20 langile publikoak dira; Espainian, %16; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, %12. Azken horien artean %40 behin-behineko baldintzetan daude, sektore pribatuan, aldiz, behin-behinekotasuna %23ko da». Eizagirreren hitzetan behin-behinekotasun hori sistemikoa da, maila guztietako erakundeetan eta sektore guztietan ematen da.

Egoera transbertsal horren datuak eman ditu sindikatuak, eta sektorez sektoreko behin-behinekotasuna eman: %56 administrazio orokorrean; %48 hezkuntzan; %58 Osakidetzan eta %44 Justizian. Salbuespen bakarra Ertzaintza litzateke, behin-behineko agenterik ez baitago; Udaltzainen artean, egon badago, %30 ingurukoa, sindikatuaren datuen arabera. Halere, sindikatutik ohartarazi dutenez, Ertzaintzan ere pribatizazioa apurka sartzen ari da garbiketa eta zaintza lanetan. Urrunago joan gabe, Erandioko (Bizkaia) eta Arkautiko (Araba) ertzain etxeek segurtasun pribatua dute.

Datuak horiek dira, eta, sindikatuaren ustez, hiru helburu dituzte: «pribatizaziorako pausoak ematea, enplegu publikoa suntsitzea erraztea eta diziplina tresna gisa erabiltzea». ELAren ustez, egoera horrek langileen baldintzetan eragina du, eta baita hiritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ere. Era berean Jaurlaritzari leporatu diote «estatu mailakoa arau ezberdinak babestu izana», besteak beste: berraztertze tasak, aurrekontu mugak, edota hautatze prozesuen inguruko mugak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.