Eusko Jaurlaritzaren gizarte elkarrizketa hankamotz sortuko da, sortuko bada. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langileen ordezkaritza handiena batzen duten bi indarrek, ELAk eta LABek, uko egin diote parte hartzeari. Gaur asmo horren aurkako hitz gogorrak izan ditu Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak. "Urkulluk argazkiak nahi ditu sindikalismo otzanarekin".
Elkarrizketa abiatzea patronala eta sindikatu batzuk "erreskatatzeko plana" iruditzen zaio ELAko buruzagiari, "porrot ideologiko eta ekonomikotik ateratakoa". Prozesuari buruz Eusko Jaurlaritzak bidali dien agiriaren edukia salatu du, halaber. "Sindikatuek zer-nolako parte hartzea izan behar duten mugatu nahi du, eta sartzen denari diruz laguntzen zaio". Iraganeko kontuekin lotu du asmo hori: "Sindikalismo bertikala deitzen zaio horri, botere politikoak ezartzea botere sindikalaren mugak".
LABek ere iragarria zuen mahaian biltzeari ezezkoa emango ziola. "Bazen garaia, pozten gara", adierazi du Muñozek. Edonola ere, Urkullu lehendakariak aurrera jarraituko duela uste du, gehiengoak "bost axola" zaizkiolako. "Gehiengo sindikalei errespetua zor zaie, eta errespetatzen ez duena antidemokrata bat da".
Aberastasunaren banaketa, erdian
Egoera ekonomikoaren azken azterketa aurkeztu du ELA sindikatuak. Susperraldiari buruzko eztabaidetan ez direla sartuko azaldu du Mikel Noval gizarte arloko arduradunak. Aldiz, benetako eztabaidak aberastasunaren banaketari buruzkoa izan behar duela ziurtatu du. Krisia hasi zenetik langileen eskuetara doan errentaren zatia hiru puntu erori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta bost Nafarroan. Adolfo Muñozen aburuz, hori da lehentasuna. "Ez dago ezker praktikorik hori ez bada eztabaidaren muina".
Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek "berdin" jokatzen dutela uste du ELAko idazkari nagusiak. Hori dela eta, sindikatuaren helburu nagusietako bat "propaganda borrokatzea" izango da. Gobernu guztiak murrizketa politika hedatzeko helburuarekin bat datoz, haren ustez, eta horrek ez du krisiaren irtenbidea ekarriko. "Murrizketak ez dira bateragarriak enplegua sortzearekin", azpimarratu du.
Borroka ideologiko horretan enpresaburuen zereginari buruzko eztabaida sartu du. "Esaten dute enplegua sortzen dutenak enpresaburuak direla. Faltsua da. Galtzen denean ere enpresaburuak ezabatzen du?", galdetu du. Eskaeraren eta sektore produktiboaren arteko "bitartekari hutsa" da enpresaburua, Muñozen hitzetan.