Zerga politika

ELA:

Fortuna handien gaineko zerga aldatzeko proiektua erabaki aurretik ez duela "inolako kontsulta sozialik" egin dio sindikatuak.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zergaren eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko urriaren 28a
20:11
Entzun

ELA sindikatuak ahobilorik gabe azaldu du EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuaren asmoa zein den aberastasunaren zergaren erreformarekin. "Gaur egun indarrean dagoen zerga hori ez da inolako iraultzarik. Horren bidez Ogasunak lortzen duen diru kopurua orain dela urte batzuk zegoen Ondarearen gaineko Zergarekin lortzen zenaren antzeko kopurua da", dio Adolfo Muñoz buru duen sindikatuak ohar batean.

Ogasun diputatuak enpresei babesa emango diela esan zuen orain gutxi; "gure esku dauden tresna guztiekin" izan ziren haren hitzak, ELAk gogoratu duenez. "Enpresei zergak gehiago jaisteko borondatea adierazi du. Haatik, ez du esan Gipuzkoako enpresek sozietateen gaineko zergan aitortutako etekinen %14 besterik ez dutela ordaintzen kenkari eta hobariei esker. Portzentaje hori %6raino jaisten da enpresa handien kasua. Iruzur fiskal handia dago zerga honetan. Gainera, diputatuak ezkutatu egin du  zergak murrizteak ez duela enpresen lehiakortasuna hobetzen". 

Gipuzkoa Aurrera

Adegi eta enpresekin "etengabeko harremana" izatea erabaki duela dio ELAk, eta sindikatuekin ez dagoela horrelakorik. Lankidetza publiko-pribatua sustatuko duela azaldu duela-eta, sindikatuak salaketa argia egin du: "Honek gogora dakar Gipuzkoa Aurrera dinamika, aurreko Aldundiak desegin zuena; esparru honetan arlo pribatuari aurrekontu publikoaren zati buruzko erabakitzeko ahalmena ematen zitzaion. Horrela pribatizazioa areagotu egin zen eta diru publikoa interes eta irabazi pribatuen zerbitzura jarri zuten".

ELArentzat, horren guztiaren ondorioa argia da: "Aldundia enpresarioen zerbitzura eta langile-klasearen aurka jarri da. Adegiko buruaren adierazpenak, gazteentzat eta Gipuzkoako gizarte guztiarentzat iraingarriak izan zirenak, horrelako testuinguru batean kokatu behar dira, izan ere, Aldundiak agerian utzi baitu enpresaburuei nahi duten guztia ematen jarraituko duela. Beraz, Gibelalde jauna publikoki esatera ausartu da ziurrenik pribatuan ere Aldundiko arduradunekin hitz egindakoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.