Atzo berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak apirileko nominan jasoko dutela langile publikoek 2012an kendutako aparteko ordainsariaren %25. ELAren esanetan, erabakia "diskriminatzailea" da; izan ere, EAEko beste instituzio batzuek aparteko ordainsari hura osorik itzuli diete langileei, esaterako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta 50 udalek baino gehiagok.
Orainketak 50 milioi euroko gastua eragingo dio Jaurlaritzari, eta 2012ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean lanean aritu ziren guztiek kobratuko dute, baita gaur egun lanean jarraitzen ez dutenek ere, guztira 70.000 langile inguruk.
Espainiako Gobernuak dekretuz galarazi zuen 2012ko aparteko ordainsari bat ordaintzea. Iazko udazkenean, berriz, orduan ordaindu gabekoaren %25 itzuliko ziela jakinarazi zuen, eta baimena eman zien gainerako administrazio publikoei gauza bera egiteko —urtarrilean kobratu zuten dirua Espainian—. Jaurlaritzak ordainketa apirilera atzeratzea eta ordainketa osorik ez egitea erabaki zuen, oraindik gaiari lotuta aski segurtasun juridiko ez dagoela iritzita. Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez du ebazpenik eman ordainsaria kendu izanaren eta funtzionarioek jasandako soldata murrizketen inguruan.
ELAk gogoratu du beste instituzio batzuek aurre egin dietela zailtasun juridiko horiei. "Erabaki hauek ez dute zalantzarik uzten: Urkulluren Gobernuak Rajoyren politikak partekatzen ditu, horretarako segurtasun juridiko eza argudiatuta. Politika horiek enplegu suntsiketa, soldata murrizketa eta zerbitzu publikoei egiten zaizkien erasoak dituzte ardatz".
Aparteko ordainsariaren zati txikiagoa jasotzeaz gain, gaineratu du Jaurlaritzaren menpeko langile publikoek soldatak izoztuta dituztela eta Jaurlaritzak ez duela ekarpenik egiten Itzarrira. Aldiz, beste erakunde batzuetan soldata igoerak izan dituzte eta Elkarkidetzara ekarpenak egiten jarraitu dute.