Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak iragarri du bilera bat eskatu diotela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, enplegu politikez, zerga sistemaz, osasunaz eta hezkuntzaz hitz egiteko asmoz. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Muñozek esan du "ona" dela Jaurlaritzarekin egotea, elkarrizketa soziala kritikatu duen arren, "ez dagoelako halako elkarrizketarik".
Gogorarazi du ELAko Batzorde Eragileko lau kide Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarekin bildu zirela asteartean, enplegu politikez hitz egiteko, eta "kezka" azaldu zioten. "Ikusten dugu administrazioetan eta botere instituzionalean oso aukera txikia dagoela politika soziala egiteko".
Muñozek adierazi du Espainiako Estatuan sistema bat eraiki dela, "Konstituzioaren erreforma batekin, espekulatzaileei dirua emateko", eta ondoren Aurrekontu Egonkortasunerako Legea onartu zela. "Madrildik esaten diete administrazioei zer muga duten defizita egiteko. Euskal administrazioek hori onartzen badute, ez dago marjinarik autogobernua, subiranotasuna eta politika sozialak egiteko. Gure hausnarketa ikuspegi sozialetik egindakoa da, baina baita ikuspegi abertzaletik egindakoa ere".
Hori dela eta, ELAko idazkari nagusiak "subiranotasuna" behar dela aldarrikatu du, "premiazko kontuak egiteko". Izan ere, "jendea oso gaizki pasatzen ari da, langabezia handia dugu, pobrezia asko handitu da, desberdintasun sozialak handiagoak dira, eta geure buruari eta instituzioei egiten diegun galdera da noizko subiranotasuna, orain ez bada? Orain behar dugu subiranotasuna esparru sozialean politika soziala egiteko".