ELAk dio zerga erreforman «aldaketa ia hutsala» proposatu duela Gipuzkoak

Zerga sistema aldatzeko neurriak proposatu dizkie sindikatuak diputazioei; ez dituztela kontuan hartu salatu du

Miren Garate.
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zerga politiketan proposamen berdinak dituzte Jose Luis Rodrigez Zapatero Espainiako presidenteak, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren hautagaiak, Nafarroako Gobernuak nahiz Gipuzkoako diputazioak. Diputazioekin egindako bileretatik ondorio hori atera du ELAk. «Guztiek gaur egungo zerga politikari eusten diote». Horrez gain, parte hartze soziala ukatzen dutela salatu du.

Irailean, txosten bat egin zuen sindikatuak. Proposamen zehatzak biltzen ziren han, bost arlotan banatuta: zerga politika; gizarte zerbitzuak; azpiegiturak eta ingurumena; sakontze demokratikoa, gardentasuna eta gizartearen parte hartzea; eta diputazioetako langileen lan baldintzak. Diputazioetara igorri zuen txostena, eta bilera bana eskatu zien gaiari buruz hitz egiteko.

Azkenengo batzarra Gipuzkoako diputazioko ordezkariekin izan zen, urriaren 25ean. «Hilabetetik gora behar izan du erantzuteko, eta erantzun digunerako proposamena itxita zeukan».Zerga Koordinaziorako Organora eramandako proposamena aurkeztu zion. Gipuzkoako diputazioak ondareen gaineko zerga berriz jartzea nahi du, baita errenta zergetan oinarri orokorreko beste bi tarte jartzea, 1.500 eurotik gorako kapital errentei %24ko zerga jartzea eta aitor daitezkeen borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara egindako ekarpenei muga jartzea ere.

«Proposamena motzegia da, aldaketa ia hutsala da», azaldu du ELAk. Urtean 75 milioi euro gehiago «bakarrik» bilduko direla dio. «75 milioi euro Gipuzkoako BPGaren %0,35 adina da. Gipuzkoako zerga presio %30,37koa da, eta 0,35 puntu gehitzeak Europako %38,4ko batez bestekotik oso urrun uzten gaitu».

Hiru neurriren falta sumatu du ELAk: sozietate zerga aldatzea ez proposatu izana, zerga iruzurrari aurre egiteko neurririk ez planteatzea eta errenta zergen progresibotasuna zergadunen %0,6rentzat soilik handitzea. «Bileran, Aldundiak ez zuen gure agiriari buruzko azterketarik egin; horrenbestez, ez dakigu bat datorren edo aurkako iritzia duen».

Arabako diputazioko ordezkariekin irailaren 26an bildu ziren. «Bilera etsigarria izan zen, diputatu nagusia presaka baitzebilen Donostiako Basque Culinary Center-aren inauguraziora joateko».Aurrekontuak orekatzeko bide bakarra gastua murriztea dela esan zion Javier de Andresek ELAri. «Batzar hartan begi bistan geratu zen gure diagnostikoa zuzena dela, baina Arabako diputazioak ez zuen politikak aldatzeko asmorik agertu». Bilera amaitutakoan, deituko zietela esan zieten sindikatuko ordezkariei, zerga kontuetan izandako akordioen berri emateko. «Argi utzi zuen sindikatuen parte hartzea bideratzeko inongo asmorik ez zuela».

Bizkaiko diputazioarekin ez da elkartu. «Uko egin dio gure proposamenei buruzko bilera egiteari». ELAren arabera, sindikatuak agerian utzi du diputazioak ardura duela lanekoak ez diren errentetan dagoen zerga iruzurrean, baita orain arte ezarritako zerga politikan ere, «enpresa eta kapital errenten mesedetan egin delako». «ELAk, argudioak emanez, sakoneko aldaketa proposatu du, eta, eztabaidarako funtsezko argudiorik ez dutenez, eztabaidari uko egin diote». Zerga sistemaren aldaketa eskatzeko mobilizazioak iragarri ditu sindikatuak.

Opor fiskaletan, euren kasa

Gipuzkoako diputazioak planteatutako zerga erreformaz mintzatu da Javier de Andres Arabako diputatu nagusia ere. «Guk ez dugu alde bakarreko erabakirik hartuko, hori ez da bidea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko harmonizazioa nahi duela esan du de Andresek. «Gipuzkoa akordioa zailtzen ari da, uko egin diolako harmonizazio helburuari». PSE-EEren jarrerak ere kezkatzen duela gaineratu du. «Espero dut PSE-EEk ere bat egingo duela elkarrekin konponbidea aurkitzeko». Diputazioen arteko hartu-emanek jarraitzen dutela zehaztu, eta astebete edo bi aste barru akordio orokor bat egongo den itxaropena agertu du.

Opor fiskalei buruz ere galdetu diote diputatu nagusiari. Bizkaiak dagoeneko diruaren erdia berreskuratu duelairagarri zuen herenegun. «Guk ez dugu diru gehiagorik eskatu, Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen laguntzak itzuliak ditugu», adierazi du de Andresek.

Gipuzkoak, berriz, Bizkaiaren bideari jarraitu dio. «Dirua biltzen ari gara, baina diskrezioz jokatuko dugu neurriak zenbat enpresari eragingo dien ez jakinarazteko», esan du Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak. Ahalik eta azkarren errekuperatu nahi dutela dirua gaineratu du, isuna eta ordaindu beharreko interesak ahalik eta txikienak izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.