Azaroaren 26an eta 27an Bilbon egitekoa duen XI. Kongresuaren harira, ELAk kontu ekonomikoen berri eman zuen atzo Donostian. Kongresu arteko lau urteetan afiliazioa %16 igo du sindikatuak, eta hazkunde hori igarri dute kontuek. Amaia Muñoa ELAko diruzainak azaldu zuenez, sindikatuak bere autofinantzazioa kuotak eta beste diru sarrera propioak %83,5eraino handitu du 2000. urtetik 2003ra bitartean. Diru sarreretan kuotek duten pisua %3,30 handitu izanak ahalbidetu du autofinantzatzeko ahalmenaren hazkunde hori.
Autofinantzazioari diru laguntzetan eta erakundeetako partaidetzan jasotakoa gehituta, ELAren diru sarrerak, guztira, 58 milioi eurokoak izan dira 2000-2003 epean. Horietatik, 9,5 milioi euro inguru joan dira greba kutxara, aurreko lau urtekoan baino %30 gehiago. Gainerako dirua gastuetara joan da eta, horietan, %5,08an handitu zaio gastu arrunten pisua ELAri. Muñoak azaldu zuenez, hazkuntza hori sindikatuaren azken bi antolakuntza planen ondorioa da: ELAko langileen kopurua %40 hazi da lau urtetan, 165etik 230 beharginetara. Afiliatuek ordaintzen dituzten kuotak %121,33 garestitu dira 2000. urtearekin alderatuta. Hiru kuota mota ditu ELAk. B motako kuota lanaldi erditik gora beharrean dauden langile okupatuek ordaintzen dute, 12,40 euro hilean. Lanaldi erdiaren azpitik jarduten duten behargin okupatuek eta prestazioak dituzte langabeek 9,31 euroko M kuota ordaintzen dute, eta, prestaziorik gabe langabezian dauden beharginek eta jubilatuek 6,22 euroko P kuota. Greba kutxaren ordainketak ere %121 handitu ditu sindikatuak. Oinarrizko ordainketa 143 eurokoa da astebeteko grebarengatik, eta 620 eurokoa hilabetekoarengatik. Arauak aldatu behar izan ditu sindikatuak ordainketa hauetan, Muñoak azaldu zuenez: «Zenbait kasutan greba kutxako hileko ordainketak langilearen soldata gainditzen zuela ikusi dugulako». «Soldata batzuk nolakoak diren agerian uzten du horrek», gaineratu zuen Jose Elorrieta idazkari nagusiak. Oinarrizko ordainketa gutxieneko soldataren %112ra iritsi da aurten. Ezohiko ordainketa ere egiten ditu greba kutxak baldintza zehatz batzuk betez gero: grebak interes estrategikoa izatea, ELAko afiliazioa %30era iristea eta horien %75 grebarekin ados egotea. Ezohiko ordainketa hori greban dagoen afiliatu taldearen urteko soldata garbiaren %65ekoa da, gehienez 1.218 eurokoa hileko.
SINDIKALGINTZA
ELAk diru sarreren %81 kuotetatik biltzen du
Greba kutxan 9,5 milioitik gora sartu ditu sindikatuak 2000tik 2003ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu