ELAk Donostiako metroaren lanak geratzeko eskatu du

Urtebetean, sindikatuak hamabi salaketa jarri ditu Lan Ikuskaritzan: «Eskandalu bat dira metroko langileen lan baldintzak, eta ETSk eta Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratzen jarraitzen dute».

Donostiako metroko langileak Zubieta kaleko zuloa tapatzeko hormigoia botatzen, ekainaren 5ean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 22a
14:30
Entzun

«Langileen eta herritarren segurtasunagatik, Donostiako metroaren lanak geratu beharra dago. Ez dituzte egin halako eraikuntza batek eskatzen dituen adina azterketa, eta argi eta garbi diogu: azkenean, zerbait larria gertatuko da». Gaur, komunikabideen aurrean egin du eskari hori Igor San Josek, ELA Sindikatuko eraikuntzako arduradunak; Lan Ikuskaritzari, ordea, «ekainaren 5eko lur-jausia gertatu eta berehala» galdegin zion gauza bera.

Azken urtean, ELAk hainbat alditan salatu ditu Donostiako metroaren lanetako irregulartasunak. San Joseren arabera, obra horretan «denetarik gertatzen ari da»: «Eskandalu bat dira metroko langileen lan baldintzak». Sindikatuak horregatik jarri ditu hamabi salaketa: hiru, gehiegizko lanorduengatik —hamabi orduko jardunaldiak egiten zituzten beharginek—; beste salaketa bat, Gipuzkoako eraikuntzako langileen hitzarmena ez betetzeagatik; eta zortzi salaketa segurtasun baldintzak ez betetzeagatik.

ELAko ordezkariak salatu duenez, istripu asko gertatu dira jada: «Ezaugarri horiek dituen eraikuntza batean, istripu txiki baten eta larri baten arteko tartea zorte kontua da. Guretzat, guztiak dira larriak». Ekainaren 5eko lur-jausia gertatu baino bi egun lehenago langileek «zerbait gertatzen ari zela» abisatu zietela esan du, eta, halere, enpresek lanak ez geratzea erabaki zutela.

Tuneletan ura hondarrarekin erortzen denean zuloak sortzen direla azaldu du San Josek, eta ondoren horiek eragiten dituztela lur-jausiak: «Obrak geratu eta azterketak egiteko eskatzen dugu, garbi izan dezaten egin nahi dutena posible den ala ez». ELAko ordezkariaren arabera, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak, eraikuntza adjudikatu zutenek, «aspalditik dakite zer gertatzen ari den, baina beste alde batera begiratzen jarraitzen dute». ELAk haiekin izandako bileretan ere jakinarazi dizkie arau-hausteak: «Norbait hiltzen bada, orduan bai, guztiek esango dute hau eragotzi zitekeela, eta ahal dutena egingo dutela berriz gerta ez dadin».

Langileen salaketak

Ekainaren 10ean, EAEko Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoi eman zion kamioilari baten auzian: egiaztatu zuen lurren garraioan ari zen langile baten bizirako eta osasun fisikorako oinarrizko eskubideak urratzen ari zela Mirakontxa-Easo UTEak azpikontratatutako enpresa bat.

Metroaren lanetako hondakinak mugitzen dituzten kamioiek baimendutako gehienezko pisua baino %50 gehiago ere eramaten dute, eta Ertzaintzak, gutxienez, 25 salaketa jarri dizkio enpresari: «Normalean, kamioi horiek ezin izaten dituzte 26 tona baino gehiago mugitu, eta 44 tonarekin ere harrapatu dituzte». Ibilgailu horietako hainbatek, gainera, IATa iraungia dutela salatu du ELAk.

Orain, epaia dela eta, 5.000 euroko isuna ordaindu behar izan du enpresak, istripu edo lesio larririk gertatu ez den arren. David Pena ELAko lan osasunerako abokatuaren iritziz, «balio izugarria du sententziak», eta aurrerantzean «lan baldintzen arau-hauste gehiago salatzeko balioko du». Langile horrek bere egoera salatzeagatik mehatxuak jasan dituela ere gaitzetsi du sindikatuak; hori ere salatu zuten, eta epaitegiek 12.000 euroko beste isun bat jarri diote enpresari.

San Josek azaldu duenez, badira borondatez lana utzi duten langileak ere, «euren segurtasuna bermatzeko». Egoeraz eta «segurtasun baldintzak kaskarrez» nazkatuta, langile batek bere testigantza ere eskaini zion BERRIAri maiatzaren hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.