Lan erreforma

ELAk EAJri eta EH Bilduri eskatu die Madrilen langileak ez saltzeko

Alderdi subiranistei eskatu die «eragin ahalmena» erabil dezatela, lan erreformak indargabetu ahal izateko.

ELAren manifestazioa Bilboko kaleetan barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko martxoaren 25a
18:25
Entzun

ELA sindikatuak mezu argia bidali die EAJri eta EH Bilduri: «Madrilen ez gaitzazue saldu akordio hutsalen truke, ezta ere trenbide bat lurperatzearen edo autobideren bateko 25 kilometroren truke». Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak dei egin die alderdiei, lan erreformak indargabetu ditzatela eskatzeko antolaturiko manifestazioetako baten amaiera ekitaldian: «Gaur egun EAJren eta eta EH Bilduren boza behar da legeak erabaki daitezen, eta horregatik egiten diegu eskaera. Jendearen lan baldintzak lehentasunen artean sar ditzatela nahi dugu».

Protesta eguna izan du ELAk, Galiziako CIG eta Kataluniako CSC sindikatuekin batera. Bilbon hartu du hitza Lakuntzak, ehunka manifestariren aurrean. Protestaldian Eaton enpresak Zamudion (Bizkaia) dituen 37 langileak izan dira txalotuenak. Multinazionalak planta ixteko asmoa publiko egin zuen iragan astean. Apirilaren 6an hasiko dute negoziazio prozesua.

Hiru sindikatuek ez dute ezkutatu beren asmoa alderdi politiko subiranistak «estu hartzea» dela, «dutela dioten eragin ahalmen» hori erabil dezaten lan erreforma bertan behera uzteko. Hiruek argi ikusten dute presioa egin beharra daukatela, ez baitira fio Espainiako Gobernuarekin. «Diaz lan ministroak esan du ez direla lan erreformak bere osotasunean indargabetuko, puntu batzuk bakarrik besterik ez dituztela ukituko», salatu du.p>

Negoziazioa hasi berria da

Izan ere, Espainiako Gobernua 2010eko, 2011ko eta 2012ko lan erreformetan «egiturazko aldaketak» egiteko baldintzak negoziatzen ari da hilaren 18tik. Ministroak esan zuen «alderdirik kaltegarrienak» indargabetzeko negoziazioetan ari direla, eta horri egin dio erreferentzia Lakuntzak. Espainiako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian ari dira eztabaidatzen, CEOE enpresarien elkartearekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batera. Azken aste honetan ezer gutxi jakin izan da, baina enpresarien elkarteak esana du ez dela legeak aldatzeko garai aproposa.  

ELAko idazkari nagusiak mahai horrek ezartzen duen jokalekua kritikatu du: «Ez dakigu zer asmo duten, baina badakigu gobernuak lan erreforma aldatu nahi badu ez duela patronalaren beharrik. Hari beto eskubidea emanda, aldiz, traba baino ez du egiten. Erreforma indargabetu nahi bada, aski da bozketa batekin». Sindikatuaren iritziz, baina, enpresariak ez dira oztopo bakarra: «Lehendakariak ere uste du ez dela garai egokia. Orain aitzakia pandemia da».

Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuek bat egin dute, eta hirurek aldarrikatu dute lan hitzarmenak euren nazioetan eztabaidatzeko eskubidea. Kezkatuta agertu dira badakitelako CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak gai hori ere mahai gainean dutela. «Madrilen sinatzen diren akordio horiek gauza bakarrerako balio dute: prekaritatea hedatzeko». Azaldu duenez, Espainiako mailako hitzarmenen %80ek oztopatu egiten dute gai batzuk beste eremu geografiko batzuetan eztabaidatzea.

Greba eskubidearen alde

Lakuntzak, halaber, greba eskubidearen aldarria egin du, eta kritika zuzena egin dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen sailburuari: «Protesta sindikal isilak nahi ditu, irabaziak dituzten enpresek kaleratzeak egiten dituzten bitartean. Vox eta PP bezalako alderdiekin bat egiten dute piketeentzat kartzela zigorra eskatzean».

Gai berean Tubacex, PCB, Aernnova, Gestamp, Zara eta hainbat lantokietako grebalariak egiten ari diren borroka txalotu du, eta eredutzat jarri ditu: «Meritu handia du haien jarrerak, eta ezin ditugu bazter utzi. Sindikatuak ez daude kaleratzeak erraztuko dituzten akordioak sinatzeko, enpresa horiei begietara begiratu eta inor soberan ez dagoela esateko baizik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.