"Honi kiratsa dario". ELA sindikatuak gogor kritikatu du Espainiako Auzitegi Goreneko osoko bilkurak atzo hartutako erabakia hipoteken eskrituren zergaren gainean. Gorenak bankaren alde egin zuen, urriaren 18an Gorenak berak erabakitakoaren kontra eginez: hortaz, azken hogei urteetan bezala, aurrerantzean ere kontsumitzaileek ordainduko dute hipoteken eskrituren zerga, eta ez bankuek.
Gorenak ez ohiko bideak erabili ditu urriaren 18an onartutako doktrina bertan behera uzteko, zeinak bankuen bizkar uzten baitzuen hipoteken zerga ordaintzearen zama. Bi astez airean egon da auzia, eta bi eguneko bilera maratoien ostean bankuen aldeko hautua egin zuten atzo osoko bileran: hamabost epailek egin zuten bankuen alde, eta hamahiruk kontsumitzaileen alde. Funtsean, bi asteotako ikuskizunak justiziaren independentzia ezbaian utzi du, eta kontsumitzaileen elkarteek "bankuen xantaia" salatu dute. Espainiako lau alerdi nagusiek ere errezeloz hartu dute epaia.
ELAren iritziz, "sistema ustela dago, fanatikoa da eta ez da inondik inpartziala". Hori dela eta, elkarretaratze bat egitera deitu ditu herritarrak datorren astelehenean, azaroaren 12an, Bilbon, EAEko Justizia Auzitegiaren egoitzaren aurrean, Albia lorategian.
Adolfo Muñozek zuzendutako sindikatuak, halaber, Hipoteken Legean "beharrezko aldaketak egiteko" eskatu die Espainiako Gobernuari eta hari babesa eman dioten alderdiei, "errespeta daitezen erositako auzitegok hipotekek kontratatu zituztenei ebatsitako eskubideak".