Banku eta aurrezki kutxetako arduradunek onartu ezinezko erabakiak hartu dituzte, eta erantzukizunak eskatzeko ordua da. Hala uste dute ELAk eta Galiziako CIGek. Bi sindikatuek auzitara eramango dituzte Espainiako Gobernuan egon diren arduradunak, presidenteak eta ekonomia ministroak tartean. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadorea ere salatuko dute. Auzitegi Gorenean jarriko dute kereila.
«Botere politikoak aukera eman du kontu publikoetan harrapaketa egiteko,diru guztia finantza botereari emateko», adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Suso Seixo CIGeko idazkari nagusiarekin batera Donostian egindako agerraldian. Azken lau urteetan gertatutakoa oso larria dela dio. «Ez badago ardura politikorik, ez dago demokraziarik. Horregatik, epaitegi batean eseri behar dute azalpenak emateko».
Sistematikoki gezurra esatea leporatu die PPri eta PSOEri. «Estres testen ondoren, Espainiako finantza erakundeak Europarentzat inbidia zirela esan zuten; higiezinen aktiboak 2007ko prezioetan baloratzeko aukera eman dute; eta esan dute laguntzen helburua herritarrei eta enpresei maileguak erraztea zela».
Bankiaren kasua ere aipatu du Muñozek. Hainbat laguntzaren bidez 82.000 milioi euro jaso dituela dio. «Kopuru hori Espainiaren eta autonomia erkidegoen defizit osoa baino handiagoa da». Gaineratu du bankuek zor publikoarekin espekulatu duten bitartean gobernuek sistematikoki murrizketak aplikatu dituztela.
ELAko idazkari nagusiaren esanetan, arrazoi nagusi batengatik laguntzen diete alderdi politikoek finantza erakundeei: barkatu egiten dizkietelako zorrak. «Finantza erakundeek jakinarazi behar dute zenbat mailegu barkatu dizkieten alderdi politikoei, horrek zer gertatzen den eta zergatik gertatzen den ulertzen lagunduko digulako».
Gobernuen arteko «jarraikortasuna» kezkagarria dela nabarmendu du Seixok. Haren arabera, sindikatuen arteko kolaborazioa beharrezkoa da, aurrerantzean ere enplegu gehiago galduko delako eta pobrezia asko haziko delako. Galizian %20tik gorakoa da langabezia, eta herrialderik industrializatuenean, Pontevedran, %25era iritsi da.
«Egungo harremanak sendotu behar dira egoera honi eta patronalari aurre egiteko». Bat etorri da Muñoz ere. «Politikak auto ofizialean bidaiatzen du, abiadura handian eta alde batera eta bestera begiratu gabe. Horregatik, ahotsa altxatu behar dugu», azaldu du.
ELAk eta CIGek auzitara eramango dituzte Espainiako arduradun politikoak
Kontu publikoetan «harrapaketa» egiteko aukera eman eta dirua finantza botereen esku uztea leporatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu