Eragin «mugatua» edukitzen ari zela eta, ELAk eta LABek erabaki dute Gipuzkoako eraikuntza sektoreko greba bertan behera uztea. Lanuzteen «etenaldia» izango dela esan dute, eta ez dute baztertu berriro ekitea Adegik negoziazioak «desblokeatzen» ez baditu.
Patronalaren «presio, mehatxu eta xantaiaren» eraginez, protestak ez duela nahi adinako eraginik izan azaldu du LABek, eta beraz, «borroka eredua» aldatuko dutela. Sindikatuaren iritziz, orain arteko greba egunek lortu dute enpresaburueimin egitea. Dena den, haiek «sendo» daude, eta Gipuzkoako lan hitzarmena ez aplikatuta ere «administrazio publikoen kolaborazioa dute».
Hain zuzen, enpresek ituna betetzen ez dutela salatzeko ekin zioten grebari bi sindikatuek -CCOOk eta UGTk ez zuten bat egin-. Astean bost egunean uzten zioten lanari, asteazkenetik igandera. Bi sindikatuen arabera, astelehen eta asteartetan presio handia jasaten zuten langileek, eta horrek zaildu egiten zuen grebaren jarraipena. Formula aldatu zuten gero, eta asteazkenetik mugagabeko greban zeuden langileak. Atzo jakinarazi zioten Lan Sailari bertan behera utziko zutela protesta.
Hainbat aldiz errepikatu dute ELAk eta LABek Gipuzkoako eraikuntza enpresek ez dutela lan hitzarmena aplikatzen. Langile asko eta asko orduko bost euroan ari direla nabarmendu dute, batez ere azpikontratatutako enpresetan.Administrazioari horren jakitun izan arren ezer ez egitea leporatu diote. Hitzarmena betetzen ez duten enpresei zigorra jartzea proposatu dute negoziazio mahaian, baina patronala ez dago ados. Puntu horrek sortu du batez ere bi aldeen arteko ezafostasuna.
Adegiren arabera, hauteskunde sindikalei begira hartutako neurria izan da greba deitzea, eta oso eragin txikia izan du sektoreko enpresetan.
ELAk eta LABek bertan behera utzi dute Gipuzkoako eraikuntzako greba
Enpresaburuek langileei egindako «mehatxu, presio eta xantaiagatik», eragin mugatua ari zela izaten esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu