ELAk eta LABek bi greba egun kendu dituzte, eta Adegi bilerara deitu dute

Adegik utzi egin du Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioa, ELAk eta LABek greba egunei eutsi dietelako. Sindikatuen iritziz, Adegiren jarrera aldaketa ez da nahikoa deialdiak ezeztatzeko

jakes goikoetxea
Herria
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Negoziaziorako gutxienekoak hitzartu zirela zirudienean, negozioa eten egin da berriro. Adegik Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazio mahaia utzi du, ELAk eta LABek deitutako greba egun gehienei eutsi dietelako; ELAk eta LABek, berriz, bederatzi greba horietatik datorren astelehenekoa eta asteartekoa bertan behera utzi dituzte, eta negoziazio mahaiaren bilera deitu dute astearterako.

Ez da erraza Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioa jarraitzea eta ulertzea. Patronalak eta sindikatuek bederatzi hilabete daramatzate hitz egiten. Atzokoarekin hamalau bilera egin dituzte, baina negoziazioak ez dira hasi ere egin. Hala onartu dute bai batzuek zein besteek.

Orain artean bi aldeen eskaerak oso urrun egon dira elkarrengandik. Herenegun gauean, ordea, negoziazioak hasteko gutxienekoak hitzartu zituztela zirudien. Eztabaida hitzarmenaren iraupenean, soldatetan eta lan orduetan zentratzea erabaki zuten, gainerako puntuak aurreragorako utzita. Negoziazioan zeri buruz hitz egitea erabaki zuten behintzat. LABek egin zuen proposamena, negoziazioak etetear zeudela ikusita.

Atzo goizean, ordea, Adegik negoziazio mahaia utzi zuen, ELAk eta LABek bederatzi greba egunetik zazpiri eutsi zietelako: urriaren 13, 14 eta 15ean, eta azaroaren 2, 3, 4 eta 5ean. Bi sindikatuek irailaren 7an iragarri zituzten greba egunak, Adegi metaleko lan hitzarmena negoziatzera bultzatzeko.

Greba egunak iragarri eta negoziazio mahaiak bilerak egin ditu irailaren 14an, herenegun eta atzo. Adegik, atzo, baldintza bat jarri zien sindikatuei negoziazioekin jarraitu ahal izateko: greba egunak bertan behera uztea. ELA eta LAB asteleheneko eta asteartekogreba egunak bertan behera uzteko prest zeuden, baina gainerakoak ez, ez behintzat negoziazioek zer ematen zuten ikusi arte.

LABek onartu du Adegik herenegun jarrera aldaketa batzuk izan zituela. Aipagarriena, lan hitzarmen berriaren negoziazioa zaharrean oinarritzea. BainaLABek dio Adegik ez zituela jarrera aldaketa horiek proposamen zehatzetan islatu. Eta, bai ELAk, bai LABek, uste dute jarrera aldaketa hori ez dela nahikoa greba egunak bertan behera uzteko.

«Xantaia eta mehatxua»

Adegik salatu du «onartezina» dela ELAk eta LABek langileak grebara deitzea, «negoziazioak oraindik hasi gabe daudela»: «Grebaren eta hitzarmenaren artean sindikatuek greba aukeratu dute». Grebaren «xantaiak eta mehatxuak» jarraitu bitartean, Adegi ez da berriro negoziazio mahaian eseriko.

Guztiz bestelakoa da ELAren eta LABen ikuspuntua. Greba deialdien argudioaren atzean negoziatzeko borondate falta ezkutatzea leporatu diote Adegiri. ELAk nabarmendu du bederatzi hilabetean, «greba deialdirik gabe», Adegik ez duela aurrerapausorik aurkeztu. Patronalak greba deialdiak aitzakia gisa erabili dituela uste du, mahaia uzteko.

ELAk eta LABek bertan behera utzi dituzte astelehenerako eta astearterako metalean deituta zituzten greba egunak, azken egunetako bileretan gertatu dena langileei azaltzeko. Gainerako greba egunek indarrean diraute, eta indarrean jarraituko dute, «hitzarmen duin bat lortu arte», ELAren esanetan. LABek gehitu du urriaren 14a arte -lehen greba eguna- «nahikoa denbora» dagoela patronalaren «benetako borondatea neurtzeko eta benetan hitzarmena nahi duen edo ez jakiteko».

Mobilizazioek eragin dute Adegiren jarrera aldaketa, ELAren eta LABen iritziz. Ez baita ahaztu behar metaleko langileek lau greba egun egin dituztela jada aurten. «Akordioa urrun dagoen arren», onartu du LABek, «egoera negatibo batetik (Adegiren lehen proposamena) 0ra iritsi gara negoziazioetan».

CCOOk eta UGTk, Adegik bezala, ELAri eta LABi leporatu diete negoziazioaren haustura. Euskadiko CCOOren iritziz, «arinkeriaz erabili dute metalean greba egiteko eskubidea». UGT Euskadiren esanetan, «arduragabe eta zentzugabe» jokatu dute, eta lehentasuna eman diote gatazkari, akordioaren aurrean. Bai CCOOk, bai UGTk, nabarmendu dute ELAk 2000. urtetik ez duela sinatu metaleko hitzarmenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.