Raxoiren neurriak. Erantzuna

ELAk eta LABek ez dute greba orokorraren aukera baztertu

Mariano Raxoiren neurrien aurka mobilizatzeko deia egin diote sindikatuek euskal gizarteari

Langile publikoen protesta, atzo, Bilbo erdialdeko Lanbideren bulego baten aurrean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek gatazka eta konfrontazioarekin jarraituko dute Mariano Raxoik aurkeztu berri dituen neurriei erantzuteko. «Euskal gizarteari dei egiten diogu kalea hartu, eta matxinada soziala antolatu dezan», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan duenez. Atzo bi sindikatuak batera mobilizatu ziren beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lanbideko bulegoen aurrean, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan. «Ez dira azkenekoak izango», ohartarazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, eta «jasotako erasoaren araberako erantzuna» emango dutela gogorarazi du. Eez dute argi utzi greba orokorrerako deirik egingo ote duten, baina «datozen egunetan» emango dituzte argibide gehiago.

Murrizketen aurkako jarrera agertzeko deia, ordea, ez diote gizarteari bakarrik bideratu. Euskal politika klaseari «intsumiso» izateko eskaera egin die Muñozek, «ezetz» esateko ausardia izan dezaten. Izan ere, bere esanetan, «neurri horiek langabeziaren eta pobreziaren hazkundea ekarriko dute». Eta horrek, ondorio bat dauka, Etxaideren ustez: «Greziaren bidea hartzea».

Baina ez hori bakarrik. Azken murrizketa horiek «Gernikako estatutua eta Nafarroako Foruaren Hobekuntza amaibidean jartzen ditu, ez baitago politika propioak egiteko aukerarik, ezta autogobernurik ere», Etxaidek ohartarazi duenez. Horregatik, Espainiako zentralizaziora atzera itzularazten duen politikak direla salatu du. Egoera horri, herri gisa erantzun bat eman behar zaiola azpimarratu du, «eragile sozial eta sindikal euskaldunen eskutik». Era horretan, baztertu egin du CCOO eta UGTk biharko deituta dituzten mobilizazioekin bat egitea.

Hainbat enpresarik, ordea, sindikatuen eskaerekin bat egin dezaketela uste du Muñozek. Izan ere, Raxoiren azken neurriek langile eta langabeei eragiten dien neurrian, «ekonomia errealari eragiten dio, hondoratu egiten baitu». Beraz, enpresaburu txiki, eta merkatariek «euren negozioa arriskuan izan dezaketela ikusi dezakete». Eta puntu horretan, bereizketa egin nahi izan du patronalaren eta enpresaburuen artean: «Patronalaren barruan bankua sartuta dago, eta bere interesak defendatzen jarraitzeko eskatzen du».

Lehendakaria, «gezurretan»

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bere aldetik,Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituzten neurriei helegiteak jarriko dizkiela esan du. Baina Muñozen ustez, lehendakaria gezurretan ari da. «Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteak ez du ezertarako balio, emaitza zein izango den jakin badakielako». Horregatik, Legebiltzarreko hauteskundeei begira denbora irabazteko taktika bat dela uste du.

Une honetan, gainera, oinarrizko legearen erabilera «gehiegizkoa» egiten ari dira. Horren ondorioz, Espainiako Gobernuak dioena erkidego guztietan bete behar da, Mariano Raxoi ala Jose Luis Rodriguez Zapatero izan. Horregatik, Espainian sortutako sistema hori kritikatzeko «zilegitasuna» kendu dio Muñozek Lopezi: «Sistema hori PP eta PSOEk adostu zuten».

Lehendakariari alternatiba bakarra geratzen zaiola uste du Muñozek: «Politika horiek langabezia eta pobrezia haziko dutela esaterako garaian gurekin bat badator, politikan ezetz esatera ausartu beharra dauka».

Baina ohartarazpena ez diote Eusko Jaurlaritzako lehendakariari bakarrik egin. Etxaidek Hego Euskal Herriko erakunde guztien artean akordio politikoak hartzeko eskaera egin du, era horretan Espainiako murrizketen aurkako «horma» bat eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.