Gaur arratsaldean egin du Eusko Jaurlaritzaren Lanbide enplegu zerbitzuko administrazio kontseiluak aurreneko bilera, Gasteizen, baina ELAk eta LABek berretsi dute han parte hartu gabe jarraituko dutela, ez baitaude ados eraketa moduarekin eta erakundearen ahalmen eta egitekoekin. Lanbide eraberritua urtarrilaren hasieratik dago martxan, Espainiako Gobernuak enpleguaren kudeaketarako eskumena igorri ostean Jaurlaritzari.
"Lanbideren sorrera prozesu guztian Jaularitzak ez du gurekin harremanik eduki nahi izan, nahiz eta euskal langilegoaren %56 ordezkatzen dugun. Diseinua Confebaskekin eta CCOO eta UGTrekin adostu du", esan dute ELAk eta LABek, gaur prentsa ohar baten bidez.
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi du ez dituztela baztertu bi sindikatu haiek, eta ateak irekita dituztela -ELAk bi aulki ditu, LABek bat-. Jaurlaritzako ordezkariak ez ezik, Confebask, CCOO eta UGT Gasteizko batzarrean izan dira.
ELAk eta LABek uste dute "eskumen falta" dela-eta erakundeak ezingo duela enplegu politika propio bat izan. "Espainiako Gobernuaren politikari babesa emateko sortu da Lanbide, patronalaren interesen aurka doan ezer eztabaidatu ez dadin".
Gainera, ez dute haren izaera juridikoa onartzen, "Zuzenbide Pribatuko Ente Publiko moduan eratu dutelako eta ez Erakunde Autonomo moduan. Figura juridiko hark kontrol publikorako ahalmena murrizten du eta langilegoaren kontratazioa modu ez hain gardenean egitea ahalbidetzen du. Enplegurako programa desberdinen eta formakuntzaren azpikontratazio eta adjudikazio gardentasuna eta kontrola ere kaltetu egiten du".
ekoNOMIA
ELAk eta LABek Lanbiden parte hartu gabe segituko dute
Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuak gaur egin du administrazio kontseiluaren lehen bilera, Gasteizen. Bi sindikatu haiek ez daude eraketa moduarekin eta erakundearen ahalmen eta egitekoekin ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu