Fruta zein barazki eta arrainen handizkako sektoreko patronalek ez dituzte soldata igoerak eta "erreformaren aurkako klausulak" negoziatu nahi, ELA sindikatuak salatu duenez, eta egoera horren aurka greba deialdia egin du, egutegi bat zehaztuz. Apirilaren 24, 25 eta 26rako lanuztera deitu dituzte MercaBilbaon jarduten duten enpresa horietako langileak, eta mugagabe bihurtuko da grebaren deialdia maiatzaren lehenetik aurrera.
"Patronal tematiaren aurrean langileen eskubideak defendatzea da grebaren helburua", dio ELAk hedabideetara igorritako oharrean. 2011ko abenduan iraungi zen sektorean sinatutako azken ituna, "eta orain dela hilabete batzuk arte patronalak ez du eseri nahi izan, uztailaren 7a irits dadin eta hitzarmenen ultraaktibitatea agor dadin".
Orain arte enpresetako arduradunek uko egin diote "langileen erosteko ahalmenari eusteko" neurriak adosteari. ELAk "gako" gisa jotzen du ultraaktibitatea adostea lehen-lehenik, eta lan erreformak onartzen duen hitzarmenak ez aplikatzeko aukeraren aurka "blindatzea" ere bai. "Erreformaren aurretik hitzarmenek zuten bermea baino ez lukete ekarriko neurri horiek".
ELAren iduriko, "patronalek 2012ko negoziazioaren erreforma aplikatu nahi dute", eta langileek "planto" egitea erabaki dutela dio. Hori dela eta, MercaBilbaoko langileei oraindik geratzen zaiena defendatzea erabaki dute, hau da, "bere hitzarmenak".