Zerga erreforma

ELAk lankidetza eskaini die EH Bildu eta Podemosi zerga erreforma bultzatzeko

Lau eskaintza egin dizkie sindikatuak, Hego Euskal Herria «paradisu fiskal» izatea eragotziko dutenak.

Xabier Zabala ELAko ikerketa batzordeko kidea eta Mitxel Lakuntza idakari nagusia, kanpainko afixarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 18a
14:01
Entzun

ELA sindikatuak eskua luzatu die EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoei Hego Euskal Herriko zerga erreformaren bidea elkarrekin egiteko. Sindikatuak eskatu die jar dezatela «erdigunean» eskaera, eta eman diezaiotela «oihartzun instituzionala». Haiei mintzatu zaie, eta lau eskaera bidali dizkie alderdiei, Hego Euskal Herria «paradisu fiskal» bilaka dadin eragotzi nahi dutenak; izan ere, sindikatuaren ustez, zergak igotzeak, besteak beste, «enplegu sorrera» bultzatzen du, «administrazioa bera gizarte motor bilakatzen duelako».

Hauek dira ELAk eginiko lau eskaerak: sozietate zergari kenkari eta pizgarri fiskalak kentzea eta eta tasa efektiboa mozkinen %25 izatea; 2020an irabaziak izan dituzten enpresei %20ko errekargua ezartzea; ondare zergari %1 eta %10 arteko errekargu progresibo bat ezartzea; eta, azkenik, PFEZaren errentarik handienetako zerga tasak handitzea. Azken horren harira, errenta guztiak zergaren taula orokorrera lortu behar direla uste du ELAk, eta BGAEren eta pentsio planen zerga ordainketa aldatu.

Sindikatuaren ustez, «premiazko eskaerak» dira, aurki etorriko diren murrizketei «aurre egiteko». ELAk bere ikerketa taldeak zerga sistemaren inguruan bildutako hainbat datu eman ditu eskaerei oinarri estatistikoa. Gauzak hala, Hego Euskal Herrian zerga bidez biltzen diren 100 eurotik zazpi bakarrik biltzen dira sozietate zergaren bitartez. Enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga da, eta, sindikatuaren arabera, ez da aldatu azken hamar urteetan. Era berean, Bizkaian «sozietate zerga erreala» %8,2 dela azaldu du. Tasa nominala %24 da, eta Bizkaiko Ogasunak onartzen duen tasa erreala %20,5, baina ELAren arabera, askoz txikiagoa da aplikatzen zaizkien kenkarien eraginarengatik.

Gauzak horrela, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen atea jo badute, «gertutasun ideologiko» bategatik da. Beste alderdiak eta erakunde publikoak bere eskaeretatik ondo urrun ikusten ditu, eta horregatik ez du haiengana jo. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, baina, azaldu du ez direla uharte bat, munduan gero eta ahots gehiago direlako enpresen irabaziei zergak igotzearen aldekoa. «Nik Europako batez besteko fiskalitatea nahi dut, hemengoa baino hamar puntu handiagoa dena. Hala balitz, 5.976 milioi euro gehiago bilduko genituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 2.005 Nafarroan».

Hori lortzeko, informazio eta mobilizazio kanpaina bat jarri du abian Zerga sistema iraultzeko unea da lelopean. Besteak beste lau mobilizazio iragarri ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetarako: ekainaren 3rako, Bilbon; ekainaren 4rako, Iruñean; ekainaren 15erako, Gasteizen; eta ekainaren 17rako, Donostian.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.