ELA sindikatuko hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilbon, Kutxabank-eko bulegoen aurrean, finantza erakundeek eta arduradun politikoek diru publikoa xahutu dutela salatzeko.
Sindikatuak, Galiziako CIG sindikatuarekin batera, salaketa jarriko du bihar Madrilgo Espainiako Auzitegi Gorenean gobernuetako arduradun politikoen eta Espainiako Bankuko Gobernadorearen aurka, Espainiaren "finantza egoera larrian izan duten erantzukizunagatik".
Bihar emango dute zerrendaren berri, baina iragarritakoa baino lagun gehiago salatuko dituztela aurreratu du Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak.
"Higiezinen burbuila ezkutatu dute urtetan, espekulazioak egundoko etekina ematen dien bitartean", adierazi dute. Bankari emandako laguntzak maileguak suspertzeko zirela esaterakoan gezurra esan dutela gaitzetsi du ELAk.