ELAk salatu du Kutxabankek langileen baldintzak okertuko dituela

Sindikatuak Hego Euskal Herrian hitzartutako lan baldintzak exijitu dizkio zuzendaritzari

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak salatu du Kutxabankek lan hitzarmenaren negoziazioan murrizketak besterik ez dituela aurkeztu orain arte, eta haren asmoa dela lan orduak gehitzea, langileen soldatak jaistea eta lan baldintzak okertzea. Horri aurre egiteko, Hego Euskal Herrian lan egiten dutenentzat bertan hitzartutako lan baldintzak eskatu zituen atzo ELAk berriro ere. Sindikatuak Hego Euskal Herrian hitzartutako lan baldintzen aldeko sinadura bilketa egin berri du, eta, emaitzen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langilerik gehienak dira horren aldekoak.

ELAk 3.466 langileri galdegin die Hego Euskal Herriko hitzarmenaren gainean, eta 2.203k babesa eman diote —Bizkaian 1.186k, Araban 429k eta Gipuzkoan 588k—. Datuok eskuetan, Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearengana joko du sindikatuak, baita hitzarmenaren negoziazio mahaira ere.

BKK-k, Kutxak eta Vital Kutxak bat egin ondoren, Hego Euskal Herritik kanpoko bulegoen kopuruak gora egin du. Hego Euskal Herriko bulegoetan 4.467 langile daude gaur egun; hortik kanpo daudenak, berriz, 1.219 dira. Dena den, proportzioan, ordezkari gehiago dituzte Euskal Herritik kanpo lan egiten dutenek —112 ordezkari Hego Euskal Herrian; 83 kanpoan—.

Garbitzaileei murrizketak

Kutxabankek soldata %40 jaitsi nahi die garbitzaileei; hala salatu dute ELA eta ESK sindikatuek. Pilsa enpresako langileak dira, eta neurri horrek Gipuzkoan lan egiten duten 120 garbitzaileri eragingo lieke. Langile horiek erakundearen eraikinak garbitzeaz arduratzen dira.

Aukera horren aurka, garbitzaileek elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian Donostian, Garibai kaleko egoitzaren aurrean. ELAren eta ESKren iritziz, «emakumeen aurkako politika» egiten ari da Kutxabank, orain arte duten egoera «okertuz». «Kutxabank eta antzeko erakundeek sortutako finantza krisia langile horiek jasatea nahi dute», adierazi dute ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.