ELAk salatu du lan baldintzak okertuko dituela itunak

Soldatak murrizteak enpresen etekinei baino ez diela on egingo eta horrekin langabezia igoko dela esan dute

Bilbo
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek CEOE patronalarekin adostutako testuak «soldatak murriztea» du helburu, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan. Haren ustez, akordioak langileen lan baldintzei kalte egingo die, eta haien erosteko ahalmena «erabat» murriztuko du, enpresen etekinen alde. Horrekin batera, gogor kritikatu zuen enpresaburuak nahi bezala bana dezakeen lanaldia %5etik %10era handitzea.

ELAk presazko agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Bilbon, Espainiako akordioari buruz balorazio bat egiteko. Joseba Villarreal ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna kezkatuta azaldu zen, «halako akordioek guztiari uko egitea ekartzen baitute». ELAko ordezkariek atzo gogorarazi zuten akordioa bat datorrela CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioak orain aste bi adierazitako asmoekin.

Akordioak langileen egoera larritzen jarraituko du ELArentzat. «Testuan errenta guztiek parte hartu beharko dutela aipatzen bada ere, soldatekin egin beharrekoa baino ez da lotzen», esan zuen Mikel Noval Gizarte Arloko arduradunak.

Muñozek, beste behin, nabarmendu zuen soldatak jaistea ez dela krisiari aurre egiteko irtenbidea: «Soldatak merkatuz atzerrikoarekiko lehiakortasuna handitu nahi dutela esaten badute ere, badakite hemengo ekonomia erreala deprimitzen ari direla. Kanpoan ere gauza bera egiten ari dira, eta ez dago lehiakortasunerako abantailarik, besteek gauza bera egiten baitute, kolapso ekonomikora garamatzate». ELAko idazkariak gogorarazi zuen azken urteetan soldaten garrantziak zazpi puntu galdu dituela aberastasunaren banaketan.

Lan erreformaren zain

ELAko ordezkarien iritziz, oraindik goiz da akordioak negoziazio kolektiboari zelan eragingo dion zehazteko, baina, Villarrealen ustez, «probintzietako sektore hitzarmenak ez dira orain arte bezala adostuko, eduki guztiekin, eta beste lekuetan erabakiko denaren mende egongo dira». ELA Espainiako Gobernuaren lan erreformaren zain dago, eragina neurtu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.