Mutualitateen lege proiektuaren bitartez Espainiako Gobernuak osasun sistemaren pribatizazioan beste urrats bat egin nahi duela salatu du ELAk. Sindikatuak uste du legegaiak "babesik gabe" uzten dituela langileak mutualitateen erabakien aurrean eta familia medikuen erabakitzeko ahalmena murrizten duela. Txartzat jo du mutualitateei senda-agiriak emateko aukera izatea, haien lehentasuna "dirua aurreztea baita, eta osasunaren babesa bigarren mailan geratzen da beren jardunean".
Horregatik guztiagatik, ELAk erabat arbuiatzen du erreforma berri hau, eta bertan behera uzteko eskatu du. Gai hau negoziazio kolektiboan sartzearen beharra ere azpimarratu du beste behin, gertakizun arrunten kudeaketa osasun sistema publikoan mantentzeko, edo bertara itzultzeko.
Halaber, salatu du ELAk legearen proiektuaren aurrekoak izena aldatzen diela mutualitateei: hemendik aurrera, lehen 'Lan-istripu eta -gaixotasun Mutualitateak' zirenak 'Gizarte Segurantzako Mutualitateak' izango dira. "Hau ez da izen aldaketa soil bat, haratago doa, eta aurreproiektuaren helburua bera azaltzen du: gero eta gehiago mutualitateen jarduera-eremua gertakizun arruntetara ere zabaltzea, gaixotasun edo istripu arruntetara, alegia".
Hauek dira legearen puntu nagusiak:
1. Mutualitateek aldi baterako ezintasunetan lehenengo egunetik aurrera esku har dezakete.
2. Mutualitateak senda-agiria proposatzeko aukera izango du. Proposamen hau Osakidetza edo Osasunbideako medikuari bidaliko zaio, Osasun Ikuskaritza Publikoaren bitartez.
3. Osasun Ikuskaritzak bost egunetako epea izango du Mutualitateari jakinarazteko senda-agiri proposamena onartzen duen ala ez. Epe honetan ez badio mutualitateari aldi baterako ezintasun egoera baieztatzen, osasun senda-agiri proposamena onartutzat joko da eta senda-proposamena jakinarazi den hurrengo egunetik aurrera izango du eragina. Hau da, senda-proposamena jakinarazi eta biharamunean langilea lanera itzuli beharko da.