sindikalgintza

ELAk urte osoan ospatuko du bere mendeurrena

Sindikatuak ekainaren 11n egingo du ekitaldi nagusia. Etzi antolatuko du lehen ekimena: hitzaldia, Bilbon. Uda ostean bi liburu aurkeztuko ditu.

2011ko martxoaren 15a
18:02
Entzun

Ehun urte dira dagoeneko ELA sindikatua sortu zela, eta honek 2011. urte osoan zehar ospatuko du mendeurrena. "Militantziaren beharra" azpimarratuko dute, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak gaurko aurkezpenean esan duenez, eta ospakizunak "goraipamenerako bidea izan behar du. Ehun urte pasatu ondoren, sindikatuak ez du indarrik galdu eta erronka berriei aurre egiteko prest dago".

Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak adierazi du ELAk "sindikatu abertzalea eta klasekoa" izaten jarraitzen duela, "horiek baitira bere bi oinarriak".

Manu Robles-Arangiz Instituarekin batera, ELAk egitarau zabala prestatu du mendeurrena ospatzeko. Etzi hasiko da ekitaldiekin: Riccardo Petrella ekonomilariak globalizazioa, krisia eta hazkunde iraunkorra izango ditu hizpide EHUk Bilbon Abandoibarran duen Paraninfo berrian.

Ekainaren 9an eta 10ean Christian Levesque eta Gregor Murray mintzatuko dira. Montrealgo Lanaren eta Mundializazioaren Unibertsitate-arteko Ikerketa Zentroko ikertzaile eta koordinatzaileak dira biak.

Urte osoa iraungo duen erakusketa ibiltaria ere antolatu du ELAk. Lehen hitzordua, apirilaren 4tik 8ra artean, Oria-Goierrin.

Mendeurreneko ekitaldi nagusia ekainaren 11n izango da —ez du oraindik zehaztasunik eman—. Uda ostean, bi liburu aurkeztuko ditu: lehenak ELAren historia II. Errepublikan bilduko du eta besteak 1976tik aurrera sindikatuak izandako ibilbidea aztertuko du —German Kortabarria zuzendaritzakide ohiak idatzita—.

1911ko uztailaren 23an 178 langilek osatutako talde batek ELA sortu zuen, Bilbon. Egun 109.318 afiliatu ditu, eta hura da Hego Euskal Herriko lehen sindikatua —%35,5eko ordezkaritza du—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.