Gastu publikoan murrizketak ezartzen dituzten politikariei ez zaiela enplegua axola ohartarazi du ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek. Hori dela eta, langabeziaren «odolusteari» aurre egiteko eta erakundeen jarrerari buelta emateko bide bakarra mobilizazioa dela uste du. «Politikariei euren agenda aldatzera behartu behar zaie», Muñozen hitzetan. Jaurlaritzaren jokabideak egoera okertzen duela ziurtatu du, gainera.
Enpleguaren egoerari buruzko azterketa egin zuen atzo ELAk. Abiapuntua joan den urtarrileko langabeziaren datu gordina da: 206.016 langabe daude erroldatuta Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan, populazio aktiboaren %15 baino gehiago. ELAk azpimarratu du tasa horren gainetik bakarrik Espainia, Grezia, Irlanda, Lituania eta Letonia daudela. Portugalek, erreskatea jaso eta murrizketa gogorrekin dagoen arren, langabe gutxiago ditu.
Administrazio publikoetan egiten diren gastu murrizketek enplegu «asko» ezabatzen ari direla azpimarratu zuen Muñozek. Haren irudiko, «ez da egia» murrizketak egiten dituzten arduradun politikoei enpleguak axola zaizkiela. Urtarrilean beste 13.767 gehitu ziren langabeen zerrendara. «Erakundeek enplegua sortzeko helburua alde batera utzi dute», Muñozen hitzetan.
Banatzen diren laguntzen datua ere nabarmendu nahi izan zuen ELAk, egoera larria irudikatzeko. Uneotan hamar langabetik lauk ez dute inolako ordainik jasotzen. Egoera horretan daudenen ehunekoa 4,6 puntu igo da azken urtean.
Irtenbide kolektiboak
Mobilizazioaren defentsa sutsua egin zuen ELAko buruzagiak, krisiari aurka egiteko giltzarri modura. «Beldurra gainetik kendu behar dugu», ziurtatu zuen Muñozek, «krisiaren irtenbidea ez delako banakakoa, kolektiboa baizik». Lan merkatuaren beste aje batzuk ere zehaztu ditu ELAk. Hala nola gazteen langabezia tasa — %32,2 Hegoaldean — edo aldi baterako kontratazioaren nagusitasuna. Urtarrilean sinatutako kontratuen %93 aldi baterakoa izan zen, urtebete arinago baino bi puntu gehiago.
Erakundeen erantzunari kritika zorrotzak egiten dizkio sindikatuak. «Eusko Jaurlaritzaren politikak langabezia handiagoa eragiten du. Sektore publikoan egin dituen murrizketak eta beste aurrekontu sailetako gastu jaitsierak atzeraldia indartzen ari dira», dio ELAren idazkiak.
Politika aktiboen ardura jaso zenetik egoerak okerrera egin du, ELAren ustez. «Eskumenaren transferentzia, berez, txarra zen, baina azken urtean gertatu dena uste baino askoz okerragoa izan da». Confebask, CCOO eta UGTren lehentasuna euren finantzaketa ez murriztea izan dela salatu zuen Muñozek, halaber.
ELAk uste du Jaurlaritzaren politikak «langabezia handiagoa» sortzen ari direla
Adolfo Muñoz idazkariak ohartarazi du politikarien norabidea aldatzeko bide bakarra mobilizazioa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu