Opor sasoia igarota, urte politiko berrirako agenda beteta dauka LAB sindikatuak. Eta ekintza sindikalean lehengo lepotik izango dute burua. Izan ere, prekaritateari aurre egiten jarraituko dutela aurreratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, eta, horretarako, mobilizazioaren bideari eutsiko diote, “patronala beste era batean ezin delako gelditu”. Hori bai, mobilizazioaren ildoan indar gehiago jarriko dutela aurreratu du. Izan ere, agintariek krisi ekonomikoa gainditu dela aipatzen dutenean halako zantzurik ez dute ikusten sindikatuan. “Berreskurapen hori ez da lan baldintzetan ikusten, eta prekaritate prozesuak ez dauka akaberarik horrela”.
Alde horretatik, LABek egungo egoerari aurre egiteko gida bat osatuko du, eta urte amaieran herriz herri eta lantegiz lantegi joango direla azaldu du Aranburuk. Bertan konfrontazio bidea indartzeko neurriak proposatuko dituzte, eta eskualdez eskualde mobilizatzeko beharraren aldarria zabalduko dute. “Langileak kontzientziatu behar ditugu borrokaren beharraz”, azaldu du.
Baina une honetan industria batzuen egoera larria da albisteen lerroburu, eta horiek ere aipatu ditu Aranburuk. Hain zuzen, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo egin zituen adierazpenak arbuiatu ditu Xabier Ugartemendia ekintza sindikaleko arduradunak. Lehendakariak esan zuenaren arabera, zailtasunak dituzten 36 enpresaren jarraipena egiten ari da Jaurlaritza, baina, sindikatuaren ustez, “laguntza lan hori adabaki bat da”. Naval ontziolarena bezalako lan gatazkez ahazten ari dela leporatu dio Ugartemendiak Urkulluri, eta industria planik ez edukitzea kritikatu du.