ELAren arabera, 78 pertsona hil ziren iaz lan istripuetan

Arazo psikosozialak presente daudela salatu du sindikatuak, eta horiek saihesteko kanpaina bat abiarazi du

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
2011. urtean 78 pertsona hil ziren lan istripuetan, 2010ean baino bi gutxiago. ELAk emandako datu horiek, ordea, Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak ematen dituen datuetatik urrun daude. Erakunde horien arabera, 58 pertsona hil ziren iaz euren lanpostuan, sindikatuak zenbatu duena baino %25,6 gutxiago. «Iturri ofizialek ez dituzte autonomo edo kooperatibistek izaten dituzten lan istripuak zenbatzen, ezta lanerako bidean gertatzen diren auto istripuak ere», adierazi du Leire Txakartegi ELAko lan osasunerako arduradunak.

Datu horien aurrean, sindikatuak salatu du erakundeek ez dituztela behar adina neurri hartzen lan istripuei aurre egiteko. Are gehiago, egoera okertzen ari dela salatu du. «Lan erreformarekin, langileak gero eta baldintza kaskarragoan egingo du lan; beraz, baldintzak prekarioagoak izango dira oraindik ere», Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan.

Gaixotasun psikosozialak

ELAk plazaratutako datuen arabera, joan den urtean heriotza eragin zuten istripuen %42k ez du jatorri traumatikoa. «Arazo psikosozialak oso presente daude enpresetan», Txakartegiren esanetan. Eta horrek istripu eta gaixotasunak eragiten ditu, sindikatuaren arabera.

Apirilaren 28an ospatuko da Lan Osasun eta Segurtasunaren Eguna, eta, egun horri begira, ELAk arazo psikosozialen inguruan kontzientziatzeko kanpaina abiarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.