Kutxen bat-egitea

ELArentzat Bilduren akordioak ez ditu uxatu bat-egitearen arriskuak

Sindikatuak dio lan harremanetan Espainiako lan eremua nagusitu dela; pribatizatzeko aukeren ateak "irekita" jarraitzen duela; eta gizarte ekintzara irabazien %30 baino gutxiago bideratzeko aukera badagoela. 

jakes goikoetxea
2011ko irailaren 21a
14:51
Entzun

ELA oso kritikoa izan da BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egin eta banku bat, Kutxa Bank, sortzeko prozesuarekin. Gaur ere proiektuaren oinarria zalantzan jarri du, hiru kutxek bankua bat sortzea. Mikel Noval Gizarte Arloko arduradunarentzat bazegoen beste aukera bat: hirurak batu eta kutxa bat sortzea.

ELAk uste du bilduk eta kutxetako arduradunek lortutako akordioak funtsean ez dituela uxatu banku bat sortzeak eragiten dituen arriskuak. Bilduren eta kutxen akordioaren hiru zutabe nagusiak indargabetu ditu Novalek gaurko agerraldian.

Alde batetik, Kutxa Bankeko langileek Espainiako lan eremuan oinarritutako lan hitzarmena izango dute, akordioan ez baita propio esaten Hego Euskal Herriko langileek erabakitakoa errespetatuko denik, baizik eta "langileek" erabakitakoa, Hego Euskal Herritik kanpokoek barne.

Bestetik, ELArentzat Kutxa Bankek kapital eta inbertsiogile pribatuak sartzeko aukerak indarrean jarraitzen du. Kutxek kapital guztiari eusteko konpromisoa dute, "baldin eta ezarri beharreko beste edozein araudik, edota ahalmena duen erakunde zein administrazioren batek aurkakoa exijitzen badute".

Gizarte ekintzaren kasuan, ELAk irabazien %30 baino gutxiago bideratzeko arriskua aipatu du, %30 hori baldintzatua delako. Akordioak dio gutxienez bankuaren irabazien %30 bideratuko dela, "beti ere Sozietate Zentralaren kaudimenak eta ezarri beharreko arau erregulatzaileek ahalbidetzen badute". Novalek aipatu du kutxek ez dutela zehaztu kaudimen premia hori zenbatekoa den, eta, beraz, gutxiago bidera dezaketela: "Aurretik tranpa hor zegoen eta oraindik hor jarritzen du".

Horregatik guztiagatik, ELAk bat egiteko asmoaren kontra bozkatuko du etzi Kutxaren batzar nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.