2013an baino 7.500 lagun gehiago ari dira lanean Hego Euskal Herrian. Alabaina, lanaldi osoan aritzen direnak 23.200 gutxiago dira, eta lanaldi partziala dutenak, 30.7000 gehiago. Behin-behinekotasuna ere ugaritu da, eta 12.200 lagun gehiago ari dira aldi baterako lan kontratuekin. Datu horiek ikusita, ELArentzat ez dago motiborik enpleguaren errekuperazioaz hitz egiteko.
INEren eta Eurostaten datuetan oinarrituta, sindikatuak ohartarazi du beltza dela Hego Euskal Herriko egoera Europakoaren aldean. Langabezia tasa batez bestekoa baino 6,4 puntu handiagoa da, eta 25 urtez azpikoen artean, 20,7 puntu handiagoa. Behin-behinekotasunean ere 7,9 puntu goitik dago. Azken urtebetean, gainera, bataren eta bestearen arteako aldea handitu baino ez da egin, okerrerako.
Sindikatuak gogoratu du langabeen %55,3k ez dutela inolako diru laguntzarik jasotzen, iraupen luzeko langabeziak gora egin baitu. Ohartarazi du "oso kezkagarria" dela langabeziaren estalduraren gastuaren bilakaera. "Jende gehiago egon arren langabezian, diru laguntza eta subsidioetarako gastua murriztu egin da azken urteetan, eta langabe kopuruaren eta gastu osoaren arteko ratioa %32,1 murriztu da ondorioz".
Kontratu berriek ere ez diote aterik irekitzen egoera aldatzeko itxaropenari. Behin-behinekotasunari lanaldi murriztua batu zaio. Iaz sinatutako kontratu berrien %36,9 lanaldi murriztukoak izan ziren. "Kontratazio berriak are prekarioagoak dira".
Eta Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin izana ere ez du faktore positibotzat ikusten. "Denbora partzialeko bi kontratu edo gehiago dituen pertsona berbera bi afiliazio edo gehiago dira Gizarte Segurantzarentzat. Beraz, afiliazioa ugaritzeak ez du esan nahi jende gehiago ari denik lanean".
Hala, ELArentzat "gakoa" banaketan eta iraunkortasunean dago. "Beharrezkoa da parametro ekonomiko eta sozialak errotik aldatzea. Bestela, kasurik onenean, banaketarik gabeko hazkunde fase batera itzuliko gara".