Zuberoa eta Biarno arteko mugan, Eskiulako (Zuberoa) etxalde batean iragarri dute ELB eta Biarnoko Confederation Paysanne laborari sindikatuek elkarrekin aurkeztuko direla lehen aldiz Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeetara heldu den urtarrilean. Orain arteko hauteskundeetan, bi sindikatuek parte hartu izan dute, baina beti bakoitza bere aldetik.
ELB sindikatuko Panpi Sainte-Mariek oroitarazi zuen «ELBk eta Confederation Paysanne sindikatuek proiektu bera defendatzen dutela, herri laborantza deitzen dena». Egoeraren larritasuna aipatu zuten gehienik bi sindikatuek zerrenda bakarra egin izana argitzeko. «Ikusten dugu 30 urtez behi esne ekoizleen %80 desagertu direla departamenduan. 2007an, esnearen greba azkar bat izan zen, FNSEA sindikatuak [Paueko Laborantza Ganberan gehiengoa duena] mespretxatu zuena. Orain, zerealen prezioak asko goratu dira, kabala hazleak penalizatuz», Jean-Francois Paquaa biarnesaren erranetan.
FDSEA sindikatuaren bilana
Egoera horren parean, Confederation Paysanneko kideak salatu zuen FDSEA sindikatuaren proposamen bakarra «modernizatzea eta gehiago ekoiztea» dela, horren gibelean txikien desagertzea gertatzen delarik. «Txikiak garelarik, ez gara lagunduak».
ELBko kide Maryse Cachenautek gehitu zuen hurrengo Europako laborantza erreforma berria hurbiltzen ari dela, eta proposamen jakinak lantzen ari direla. «Gure ustez, FDSEAk proposatzen duen panorama hitsaren parean bi aukera badira: edo hola segitu, 10 urtean behin laborarien %25 kenduz, edo logika hori hautsi», gehitu zuen Cachenautek.
Paueko Laborantza Ganberan 21 ordezkari eta bi ordezko hautatuko dira hurrengo hauteskundeetan. Haatik, ELBk ez du zehaztu orain arte bezala Paueko kadirak hutsik utziko dituenez.
ELB sindikatua lehen aldiz aurkeztuko da biarnesekin batera
ELB eta Biarnoko Confederation Paysanne sindikatuak batera aurkeztuko dira Laborantza Ganberara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu