Gariaren prezioak izandako igoera bizkorrak sortu du kezka. Zehatzago esateko, eperako kontratuak negoziatzen dituzten merkatuetan garestitu da garia. Urte hasieratik ekainera arte, %20 merkatu zen produktua Chicago Board of Trade merkatuan. Orduko aurreikuspenak ezin hobeak ziren, eta aurten labore uztak inoizko handienak izako zorian ibiliko zirela zioen FAOk berak.
Ekainaren 29an, gora egiteko joera hartu zuen prezioak. Hilabete baten buruan, uztailaren 27rako, %33 igo zen. Errusiatik zetozen albisteek hurrengo jauzia are handiagoa izatea eragin zuten. Hamar egunetan beste %32 igo zen garia. Abuztuaren 5ean, azken bi urteotako preziorik garestiena markatu zuen: 288 euro tona bakoitzeko, ekainean baino 125 euro gehiago. Hilabete baten buruan eman eta ordaindu beharreko tratuei dagokien dirua da.
Egun horretan bertan, zereal esportazioak 2011 urtea arte debekatuta egongo direla iragarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Barneko merkatua lasaitu, eta oinarrizko produktuen - batez ere, ogiaren- balizko igoerei aurre egitea zen gobernuaren helburua. Labore esportatzaile eta ekoizle askok ez dute babestu erabakia, ordea.
Munduko hirugarren gari ekoizle eta esportatzailea da Errusia. Urtero 14 milioi tona baino gehiago atzerrian saltzen ditu; batez ere, Ekialde Hurbilean. Esportazioen debekuarekin goia jo zuen prezio igoerak. Antza, merkatuek aukera hori aurreratu zuten. Harrezkero prezioek atzera egin dute, baina Errusia zereal inportatzaile bihurtu beharko den zurrumurruak berriro bultzatu ditu gora azken egunotan.
Azkar zabaldu zen beldurra, krisia beste elikagai batzuetara hedatuko ote zen. Oraingoz, zerealei bakarrik dagokie, ordea, eta orain dela bi urteko mailatik urrun jarraitzen du. 2008ko martxoaren 10ean, esaterako, 438 euroko kontratuak hitzartu ziren gari tona bakoitzaren truke, gaur egun baino ehun euro gehiago. Artoa, arroza, soja, eta munduko biztanle gehienak gosetik libratzeko ezinbestekoak diren elikagaiak inoiz baino garestiago egon ziren 2008ko negua eta uda bitartean.
Ordudanik nabarmen merkatu badira ere, txirotasunaren aurkako erakundeek behin baino gehiagotan ohartarazi dute ez direla krisiaren aurretik zuen mailara jaitsi. Herrialde garatuetan ogia garestitzea dakarren egoera bat hil edo bizikoa bihurtzen da herrialde horietan, eta elikagai krisiak protesta ugari eragin zituen munduan zehar.
EBn, ondoriorik ez
Badira alde batzuk krisiaren garaiarekin. Nagusia energiaren prezioa da, lehengaien ekoizpena eta garraioa nabarmen zamatu zuena. Upelak ordukoaren erdia balio du orain. Laboreen kasuan, herrialde gehienek krisiaren esperientziatik ikasi, eta gordailuak handitu dituzte ordudanik. Erreserba horiek aintzat hartuta, gariaren hornidura oraingoz «egokia» dela adierazi du FAOk.
Biltegien egoera ona aipatu du asteon Europako Batasunak, Errusiaren erabakiek ondoriorik izango ez dutela ziurtatzeko. Gainera, Errusiatik soilik milioi bat tona inportatzen du Europak. 2008. eta 2009. urteetako uztak onak izan zirenez, hori berdintzeko aukera legoke. Elikagaiak «azkar» garestitzeko aukera baztertu du Espainiako Nekazaritza Ministerioak, era berean.
Tentsioak ez dira Errusian amaitu. Beste labore ekoizle handi bat, Ukraina, antzeko neurriak aztertzen ari da. Hasiera batean, esportazioak 3,5 milioi tonara mugatzeko asmoa azaldu du, espero zen baino %80 gutxiago. Erabakia joan den asteazkenean hartuko zuela iragarri zuen gobernuak, baina atzeratu egin du, dagoeneko atzerrira saldu duen gari eta garagar kopurua zein izan den argitu arte.
Errusiak eta Ukrainak lehorteekin izan dituzten arazoen onuradun nagusia atlantikoaren beste aldean egongo da. AEBetan zereal uzta aparta espero dute. Nekazaritza Departamenduak uztaileko aurreikuspena hobetu du, eta iaz baino zortzi milioi tona gehiago ekoiztea espero du orain. Dagoeneko munduko gari esportatzaile nagusia dira AEBak, eta beste merkatu batzuk eskura jarri zaizkio orain.
Beste herrialde batzuk ere saiatu dira lasaitasun mezuak igortzen. Lehortearen eragina pairatu badu ere, Kazakhstanek zortzi milioi tona inguru esportatuko dituela iragarri du.
Errusiaren jarrerak bestelako erreakzioak ere piztu ditu. Munduko Bankuari, esaterako, arriskutsua iruditzen zaio hartu den bidea. Herrialdearen barne tentsioak arintzeko neurriak hartzea zilegi dela uste du, baina beste herrialde batzuk protekzionismoa sustatuz gero, ondorioak herrialde txiroek pairatuko dituztela ohartarazi du. Orain dela bi urteko krisiak beste 100 milioi lagun txirotasun gordinera eraman zituen, bankuaren arabera.
Protekzionismoa ez ezik, lehengaien merkatuetan funtzionamendua ere auzitan geratu da. Mundu mailako gari uzta %5 soilik murriztuko du Errusia eta Ukrainako lehorteak, baina nahikoa izan da arazoa sortzea eperako kontratuetan sekulako garestitzea gertatzeko. Kapital espekulatiboa oinarrizko produktuen merkatuetara geroz eta gehiago bideratzen dela ohartarazi du International Food Policy Research Institute erakundeak (IFPRI).
Hain zuzen ere, 2007ko lehen seihilekoa eta 2008ko lehen erdiaren artean zerealen eta olio eratorrien eperako kontratuak %19 handitu ziren, eta kontratu aukerak, %34. Finantza merkatuekin eskatzen den gisara, lehengaiekin aritzen diren merkatuetan ere araudiak gogortzea eskatu du IFPRIko zuzendariak, Joachim von Braunek. AEBetan eperako kontratuak ikuskatzen dituen batzordeak, CFTCk, mugimenduen %30 inbertsio ez komertzialekin zerikusia duela argitaratu du. Hots, espekulatiboak dira.²
############
Labore ekoizleen poza, abeltzainen buruhaustea
Hegoaldeko nekazariak aspaldiko preziorik onena eskuratzen ari dira gariaren truke,uzta onaren ondotikI. S.
Arautu gabeko merkatuek duten arazoa da. Batzuentzat pozgarria dena besteentzat amesgaiztoa da. Hala gertatzen ari da laboreen prezioaren igoerarekin Araban eta Nafarroan. Uzta azken urteotako oparoena izan da - batez ere, gariarena -, eta nazioarteko hornidura zalantzan jarri izanari esker aspaldiko preziorik onena jasotzen ari dira nekazariak.
Txanponaren ifrentzua abeltzainak dira. Zerealen igoera bortitzak pentsuen prezioa biderkatzeko arriskua dago, eta horrek etxaldeen errentagarritasuna kolokan jarriko luke datozen hilabeteetarako.
Milioi bat tona inguru labore bilduko dira aurten Hego Euskal Herrian. Kopuru horretatik hiru laurden Nafarroari dagozkio, eta gainerakoa Araban ekoizten da. Urtero 215.000 hektarea goldatzen dira. Labore nagusia gari biguna da, baina garagarra eta olo arrunta ere landatzen dira.
Araban ez da bilketa amaitu, baina bai Nafarroan. Herrialde horretako nekazariak hasi dira nazioarteko egoera nahasiari etekina ateratzen. «Iazko amaieran izan genuen prezioaren gainetik saltzen ari gara», azaldu du Joseba Etxarte EHNEko ordezkari eta zereal ekoizleak. Orain arte tona bakoitzeko 200 euro edo gehiago eskuratzen ari dira.
Salneurri hori ontzat jo du Etxartek. «Produkzio kosteen gainetik egotea ahalbidetzen digu. Hortik gora mugitu beharko ginateke». Zereal tona bakoitza ekoiztearen kostua aldakorra da, nekazaria lurraren jabea den edo errenta ordaindu behar duen arabera. Lur sailaren parte bat ordaindu behar izanez gero, 160-170 euro bitartean kostatzen zaio.
Aurtengo egoerak ez du parekorik izan aurreko urteetan. «Ekoizpen balioaren azpitik egon gara. Lurraren jabea zenak aurrera atera ahal izan du, baina errenta zutenek oso estu ibili dira», zehaztu du Etxartek. Joan den urteko produkzioa %15 txikiagoa izan zen. Aurtengoa azken hiru urteetako handiena izango da, batez ere gari bigunari dagokionez, %30 haziko baita. Lur sail oparoenetan 5.500 kilo atera dituzte hektarea bakoitzeko.
Oreka, mesedegarria
Aurtengo egoera salbuespena dela argi du Etxartek. Merkatuek agindutako prezioen aldakortasun handia kaltegarria dela ohartarazi du, gainera. «Halako urte bat dugunerako bizpahiru txarrak igaro ditugu. Prezio egonkorragoak izatea guztien mesederako litzateke».
Abeltzainentzat ere ona litzateke egonkortasun hori, aurten arazoak espero dituztelako. «Pentsuak igoko zaizkie, baina haragiaren truke eskuratuko dutenak ez du berdinduko», dio Etxartek.
############
- 30%
Errusiako labore uzta. AEBetako Nekazaritza Departamenduak egindako azken kalkuluen arabera, Errusiaren zereal uzta %30 murriztuko da aurten. Guztira, iaz baino 28 milioi tona gutxiago ekoitziko lituzke Errusiak. Gariari dagokionez, %27 jaistea espero du.############
Hornidura arriskuan jarriko al du produkzioaren jaitsierak?
Munduan 25 milioi tona gari gutxiago ekoitziko direla kalkulatu du FAOk. Murrizketa hori izan arren, hornidura egokia dagoela adierazi du erakundeak. Urtean 659 milioi tona erabiliko direla espero du, eta, biltegietan dagoen garia aintzat hartuta, 845 milioi tona eskura daude gaur egun.############
«Lehentasuna laboreen, elikagaien eta pentsuen garestitzeari aurre egitea da; hori da gobernuaren ardura»
DMITRI MEDVEDEV
Errusiako presidentea
############
Nork ordezkatuko ditu Errusiako esportazioak?
Esportatzaile handi batzuetan —Europako Batasuna edo Kanada— uztak murriztea espero denez, begi guztiak AEBetara begira jarri dira. Azken bi urteetako uzta handiei esker erreserba handiak ditu, eta, aurten espero duen uzta onarekin, gehiago esportatzeko aukera izan dezake.############
Georgian nabaritu dituzte debekuaren lehen ondorioak
Errusiako garia erosten duten Ekialde Hurbileko herrialdeak beste ekoizle batzuen bila dabiltza, eta Georgia izan da lehen ondorioak nabaritu dituen herrialdea. Dagoeneko ogia %15 garestitu da. Kontsumorako behar dituen laboreen %95 Errusiari erosten zizkion Georgiak orain arte.############
Ukrainak abuztuaren 25ean finkatuko du bere jarrera
Lehorteak ez dio Errusiako uztari bakarrik kalte egin: Ukrainako produkzioa ere nabarmen murriztuko da. Hori dela eta, esportazioei mugak jarriko dizkien edo ez aztertzen ari da gobernua. Azken erabakia heldu den 25ean jakinaraziko du. Murrizketa handi batek prezioak berriro ere gora bultzatuko lituzke.############