Iaz bezala, aurten ere enpresek maileguak lortzeko zailtasunak izaten jarraituko dutela uste du Elkargik, eta, horregatik, bi eratako laguntza eskatu die erakundeei: 2009an eguneroko gastuei aurre egiteko emandako finantzaketa laguntzak itzultzeko epea luzatzea, batetik, eta maileguetako interes tasen zati bat pagatzea, bestetik.
Victoriano Susperregi Elkargiko presidenteak eta Jesus Alberdi idazkari nagusiak atzo Donostian azaldu zutenez, 2011. urtea «2010 bezain konplikatua» izango da. Elkargiren jarduera %8 inguru apalduko dela kalkulatu du Alberdik, bere jarduera nagusia —enpresek inbertsioetarako behar dituzten maileguak bermatzea— gutxitu egingo delako. «Inbertsio eskaera ez da berpiztu, eta kredituen beharra jaisten ari da. Kezkagarria da». Mailegu gutxiago ez ezik, «lortzea zailagoa da, eta garestiagoa», finantza erakundeek beren kontuak txukundu behar dituztelako eta atzerritik dirua lortzeko zailtasunak dituztelako.
Enpresak Alemaniako eta Frantziako lehiakideak baino kreditu garestiagoak pagatzen ari direnez lehiakortasuna gutxitzen ari zaiela esan du Alberdik. Horregatik eskatu die erakunde publikoei finantzaketa lerro berriak jartzea, enpresek pagatu behar dituzten maileguen interes bat bere gain har dezaten. «Bestela, ito egingo dira».
Elkargik 358,2 milioi euroren bermeak eman zituen iaz, 2009an baino %45 gutxiago. Jaurlaritzak zirkulantea finantzatzeko emandako laguntzak kenduz gero, %15,8 jaitsi dira bermeak. Berankortasuna %0,71tik %1,19ra eta kobraezinen ratioa %0,55tik %0,58ra igo arren, Elkargik bere finantza egoera hobetu du: baliabide propioak 106,8 milioira iritsi dira eta kaudimen ratioa %10,13tik %12,22ra igo du.
Elkargik erakundeen laguntza eskatu du
Enpresek 2009an jasotako laguntzak itzultzeko epea luzatzea eta interesen zati bat pagatzea nahiko luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu