Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Lakuan hartu zituen atzo Jose Luis Bilbao, Martin Garitano eta Javier de Andres Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak. Banan- banan elkartu zen haiekin, hurrenkera horretan. Fiskalitatean ez ezik,beste hiru lan ildotan ere proposatu zien elkarlana: enplegua sortzeko planetan, gizarte zerbitzuetaneta administrazioen arteko bikoiztasunak saihesteko premian.
Zergen arloan, diputatu nagusiei entregatutako dokumentuan, ondareen gaineko zerga berriro jartzea, oinordetzek eta dohaintzek ere tributatzea eta ondasun eskualdaketek zerga handiagoa izatea ageri zen. Enpleguari dagokionez, Jaurlaritza Enpleguaren Euskal Estrategia izeneko dokumentua ari dela prestatzen jakinarazi zien lehendakariak, eta diputazioei plan horretan sartzeko proposamenak egiteko eskatu zien, «erakundeak eta sektore pribatua elkarlanean aritu ahal izateko».
Gizarte zerbitzuetan, alde batetik, diru sarrerak bermatzeko errenten eta etxebizitzen prestazio osagarrietan elkarrekin aritzeko beharra azaldu zien; baita gizarte zerbitzuen prestazioetan ere. Azkenik, administrazio publikoek arteko bikoiztasunak saihestu egin behar direla esan zien Lopezek diputatu nagusiei. Jose Luis Bilbaok ez beste guztiek egin zuten batzarren balorazioa.
PATXI LOPEZ
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria«Zatiketak, inoiz baino gehiago, akordioak lortzera behartzen gaitu»
Hauteskundeen ostean, diputatu nagusiekin egindako lehen bilera izan zen atzokoa. «Elkarrizketak giro adiskidetsuan joan dira eta balorazio positiboa egiten dut», esan zuen Lopezek. Haren arabera, diputazio bakoitza alderdi baten esku egotea —Arabakoa PPren esku, Bizkaikoa EAJren esku eta Gipuzkoakoa Bilduren esku— eta Jaurlaritzan beste batek agintzea—PSE-EEk—«aukera bat» da. «Zatiketak, inoiz baino gehiago,akordioak lortzera behartzen gaitu».
Ahaldun nagusiak «borondatetsu» ikusi zituela azaldu zuen, eta ziur dagojorratutako arlo ezberdinetan akordioak eskuratzea posible izango dela, «Gipuzkoako diputazioarekin nahiz beste biekin». Atzoko lehen hartu-emanen ostean, irailean jarraituko dutela negoziazioek azaldu zuen, horretarako sortuko diren batzorde berezietan.
JOSE LUIS BILBAO
Bizkaiko diputatu nagusia«Desilusio handiarekinatera naiz Lopezekinizandako bileratik»
Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia izan zen Lopez lehendakariarekin biltzen lehena. Atzo arratsaldean zen balorazioa egitekoa, baina atzeratzea erabaki zuen, eta gaur egingo du. Dena den, labur bada ere, hitz egin zuen komunikabideekin bileraren ostean. «Desilusio handiarekin atera naiz», esan zuen, xehetasun gehiagorik eman gabe. Alabaina, akordioak lortzeko esperantza baduela ere esan zuen. Bilbaoren hitzei buruzko iritzia eskatuta, azken adierazpen horrekin geratzen dela esan zuen Lopezek. «Normala da desilusioa hartzea, nahi ez duen zerbait entzunez gero».
MARTIN GARITANO
Gipuzkoako ahaldun nagusia«Gure programarekin bat datozen proposamenak aztertzeko prest gaude»
Jose Luis Bilbaoren ostean, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia hartu zuen Lopezek. Berez, gai zerrenda bera zen hiru batzarretan. Lehendakariaren arabera, ordea, ETAren aurka «inplikazio handiagoa» izateko ere eskatu zion Garitanori. Hark ukatu egin zuen hori, eta gaiari buruz ez zutela hitz egin esan.
Bilerak 50 minutu iraun zuen. Garitanoren arabera, zerga aldaketa posibleei buruzko zirriborroa eman zion lehendakariak, «proposamen zehatzik gabe». Xehetasun gehiago iraileko bileren ostean jakingo direla azaldu zuen. «Gure programarekin bat datozen proposamen guztiak aztertzeko prest gaude», adierazi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Gaur egungo zerga sistemari «oso eskuinekoa» irizten dio Garitanok. Hala, sistema «progresiboagoa» eskatu zuen. Ondareen gaineko zergan eta errenta zergen mailarik altuenetan aldaketak egitea nahi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
JAVIER DE ANDRES
Arabako diputatu nagusia«Zerga aldaketek deslokalizazioak ekiditeko balio behar dute»
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin itxi zuen erronda lehendakariak. Haren alderdia, PP, izan da hauteskunde kanpainan zergak jaistearen alde agertu zen bakarra. Atzo ere hori defendatu zuen.
Zerga aldaketei buruzko akordioak lortzeko prest agertu zen, bi baldintza batekin: «Enplegua sortzeko etadeslokalizazioakekiditeko balioa izatea aldaketek». Zergak igoz gero, enpresek Arabatik Espainiara alde egingo dutela uste du. Era berean, gehien irabazten dutenei errenta zergak igoz gero kapitalak herrialdetik alde egingo duela dio. «Zergak berriak sortzeak arazoak sor ditzake, halako neurriak ezin dira arinkeriaz hartu. Enpresen eta partikularren egonkortasuna bermatu behar dugu».
Sozietateen zerga ere berrikusi behar litzatekeela uste du Arabako ahaldun nagusia, «egungo egoera ekonomikora egokitzeko eta lanpostuak sortzen laguntzeko». Horrez gain, baliabide publikoak modu egokiagoan erabili behar direla dio.