Kooperatibak «kalitatezko lanpostu egonkorren» erreferentzia dira, kooperatibak sustatzeko Elkarlan elkartearen 2011ko txostenak azaltzen duenaren arabera. Bizirik irauteko ahalmen handiagoa eskaintzen du enpresa ereduak, «kooperatibetako helburu nagusiak pertsonalak izaten direlako kasurik gehienetan», Javier Sanz aholkularitza elkarteko zuzendariaren esanetan. Horregatik, krisi garaietan ondoen eusten duten enpresak dira kooperatibak. Horren erakusgarri, Elkarlanek emandako datua: 2003an lanean hasi zirenetik, 478 kooperatiba zabaltzeko laguntza eman dute. Eta kooperatiba horietatik zortzik bakarrik itxi behar izan dute negozioa gaur egunera arte. Sortutakoen %1,7, hain zuzen. «Beste edozein konpainia eredurekin alderatuz gero, kopuru txikiagoa da».
Elkarlanen positibotzat ikusten dute eredu kooperatibista. Baina ekintzaileek enpresak sortzeko garaian zailtasunak izaten dituzte maiz. Arazo nagusiena dirua lortzea da, «diru laguntzak, iristen badira, berandu iristen baitira askotan», Sanzen esanetan. Egoera horri aurre egiteko, abiatzen ari diren enpresei laguntzak eskaintzeko diru poltsa bat prestatzea proposatu dio Elkarlanek Eusko Jaurlaritzari. Horretaz gain, ekintzaileentzako leihatila bakarra eskatu du, prozedura guztiak egin ahal izateko. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen arteko koordinazioa.
Gero eta enpresa gehiago
Zailtasunak zaitasun, aurten iaz baino kooperatiba gehiago sortzen laguntzea espero du Elkarlanek. Azken urteetako joerari jarraipena emango lioke era horretan. Izan ere, iaz 96 kooperatiba sortzen lagundu zuen elkarteak, eta 2010ean, berriz, 80 izan ziren. Datu horiek zerikusi gutxi dute 2007koekin, 38 enpresari eman baitzien lehen urratsa egiteko laguntza. Orduz geroztik hazkunde nabarmena izan dutela azaldu du Sanzek. Krisiak, beraz, kopurua handitu du.
Elkarlanek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaintzen du zerbitzua. Horietatik, Gipuzkoan sortu da kooperatiba gehien: 52. Bizkaian, 30 sortu dira, eta Araban, hamalau.
Kooperatiba horiek guztiek 375 lanpostu sortzen lagundu zuten iaz. Sortu ziren enpresa gehienak, beraz, kooperatiba txikiak izan ziren, batez beste lau langile ingurukoak. Alde horretatik, 2008an indarrean jarri zen kooperatiba txikien legeak eredu horren aldeko apustua sendotu zuela uste du Sanzek. Datuak ikusi besterik ez dago: gaur egun, sortzen diren kooperatiben %80 txikiak dira.
Elkarlanek lagundutako 478 kooperatibetatik zortzi baino ez dira itxi bederatzi urtean
Kooperatibak sortzeko garaian ekintzaileek diru arazoak dituztela eta laguntza behar dutela dio Elkarlanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu