Ekonomia

Elorrieta: "Lan harremanetarako euskal esparrua ez da Espainiakoaren azpisistema bat"

ELA sindikatuko idazkari nagusi Jose Elorrietaren esanetan, "lan harremanetarako euskal esparrua ez da Espainiakoaren azpisistema bat, baizik eta eztabaida politikoaren parte da". Enpresaburuen eta sindikatuen artean dauden desadostasunek "lan harremanetarako euskal esparrua konplexu bihurtzen" dutela nabarmendu du. Andoni Kaiero irakasleak kaleratu duen 'Erakunde sindikal eta enpresarialak, hitzarmen kolektiboa eta lan harremanetarako euskal esparrua' liburuaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Elorrietak.

2004ko urtarrilaren 13a
16:15
Entzun
Elorrietak egin dituen adierazpenak Andoni Kaierok kaleratu duen liburuan jasotzen diten ideiekin bat datozela esan du ELAko idazkari nagusiak. Liburuaren egileak zehaztu duenez, testuak lan harremanetarako euskal esparrua aztertzen du metodo zientifiko bat erabiliz, trantsiziotik hasi eta gaur arte, eta garai ezberdinetako ezaugarri nabarmenenak jasotzen ditu.

Kaieroren esanetan, Europako demokraziek "sindikalismoa babestu dute orain arte, merkatuak berak lanpostuetan sortzen zituen gorabeheren aurrean", baina azkenaldian, batik bat neoliberalismoaren sorrerarekin, "jazarpena sumatzen ari da".

EAEn "enfrentamendu sindikala" dagoela nabarmendu du Kaierok, eta horren erantzuletzat euskal patronalak jotzen ditu, "jazarpeneko neoliberalismoaren alde egiten baitu UGT eta CCOOren laguntzarekin". Eusko Jaurlaritzak ere jarrera hori "gutxi asko" onartzen duela salatu du. "Enpresaburuen elkarteek euren helburuak lortzeko edozer gauza egiteko prest daude, prest daude gehiengoa ez duten sindikatuekin gatazkak sorrarazten dituen hitzarmenak egiteko", azpimarratu du.

Kaieroren iritzi, sindikatuen arteko elkar ulertu ezina "sindikatuek beraiek euren funtzioa ulertzeko moduan" dago. "ELAk erronka horri neurria hartu dio, baina ez dirudi gauza bera gertatzen denik UGT eta CCOOn", nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.