Herritarrak izan dira protagonista nagusiak Islandian. Herritarren mugimenduek, ekimenek eta presioak bultzatu dituzte agintariak eredu oso baten porrotari eurogunean baino modu heterodoxoagoan erantzutera. Herritarren kontzientziazioari eta aktibismoari esker lortu dute krisia saihestu ez zuen eskuineko gobernuaren dimisioa, bi erreferendumen bidez Estatuak bere gain ez hartzea bankuen atzerriko zorra, konstituzio berri bat herritar talde batek idaztea eta irlaren kiebraren erantzuleak epailearen aurrera bidaltzea, Geir Haarde lehen ministroa tartean.
Iraultza zibikoa, vikingoen iraultza, ezinezko iraultza... izen ugari hartu ditu Islandiako herritarren erantzunak. Eltzeen iraultza izena eman dio Manuel Castells soziologo katalanak Redes de indignación y esperanza (Alianza, 2012) liburuan. Izan ere, duela bost urte munduari buelta eman zioten irudietan ikusi zen bezala, haserreak bultzatuta Islandiako Parlamentuaren aurrera joan ziren milaka herritarrek etxean eskura aurkitutako lehenengo objektuak eraman zituzten protesta egiteko. Jogurtak, komuneko papera eta barazkiak bota zituzten legebiltzarraren egoitzaren kontra, eta eltzeei kolpeka egin zuten zarata gobernuaren dimisioa eskatzeko.
Protestak 2008ko urriaren amaieran hasi ziren. Hordur Torfason abeslaria zapaturo joaten zen parlamentuaren aurreko plazara politikariei erantzukizuna eskatzera, eta mikrofono bat zabalik uzten zuen bakoitzak bere eskariak egiteko. Astero-astero, handituz joan zen plazan bildutako jendetza. Gabonetako oporrek, ordea, baretu egin zuten giroa. Oporren bueltan lehertu zen eltzeen iraultza, diputatuen lehen lanegunean. Urtarrilaren 20an.
3.000 lagun inguru batu ziren plazan, eta gobernuak istiluen kontrako Polizia brigada atera zuen kalera, 1949tik lehen aldiz —NATOn sartzeagatik protestatu zuten orduan—. Herri mugimenduak eragin zuzena izan zuen: hiru egunera, bozen aurrerapena eta gobernuaren dimisioa iragarri zuen Haardek. Islandiako Unibertsitatearen arabera, islandiarren %25,5ek parte hartu zuten protestetan, eta herritarren %56en babesa izan zuten.
Baina ez zen nahikoa gobernua eraistearekin. 2009ko hauteskundeetan ezkerreko koalizio gobernuak irabazi arren, arazoak ugaritu egin ziren. 2010eko martxoan egin zuten lehenengo erreferenduma Icesave bankuak Erresuma Batuko eta Herbehereetako aurreztaileekin zuen 4.000 milioi euroko zorra Islandiako Estatuak ordaindu ala ez erabakitzeko. Ezezkoak irabazi zuen, botoen %93arekin. 2011n berriz egin zuten galdeketa, eta ezezkoak irabazi zuen, %60ko babesarekin.
Wikikonstituzioa
Herritarrek behartuta egin zituen aginteak bi galdeketak. 2008ko urrian bertan sortutako InDefense plataformak —defentsan eta defentsa barik esan nahi du ingelesez hitz jokoak— 56.089 sinadura (hautesleriaren %23,3) aurkeztu zizkion Olafur Ragnar Grimsson Islandiako presidenteari eta kalean antortxa gorriak piztu zituzten, larrialdi egoera irudikatzeko. Atzerriko zorra estatuak ordaintzeak 12.000 euro suposatuko lioke herritar bakoitzari. Presidenteak ez zuen sinatu Islandiak Londres eta Hagarekin adostutako ituna, eta horregatik egin zituzten bi galdeketak.
Kaleko presioak jarri zuen martxan krisiaren erantzuleen kontrako epaiketa, eta Haarde ere akusatuen aulkian jartzea. Kaleko presioak eta ekimenak abiarazi zuen konstituzio berriaren idazketa ere. 2009ko ekainean Foro Nazionala sortu zuten ausaz hautatutako 1.250 herritarrek, aurrerantzean Islandiaren erreferente izango ziren baloreak erabakitzeko. Herritarren %11 baino ez ziren fio legebiltzarraz, eta %6 baino ez bankuez. Birmoldatu beharreko herrialdearen eraikuntzari zuzenean ekitea erabaki zuten, politikarien zain egon barik. Konstituzio berri bat idatzi beharra nabarmendu zuten.
Alderdien hasierako uzkurtazunaren ostean, legebiltzarrak, 2010eko azaroan bozak deitu zituen 25 herritar hautatzeko konstituzio berri bat idazteko. 525 lagun aurkeztu ziren, eta horietatik bozketa bidez aukeratutako 25 herritarrek osatu zuten Batzorde Konstituziogilea. Lau hilabetetan idatzi zuten testua, eta gainontzeko herritarrek ere egin ahal izan zituzten proposamenak sare sozialen bidez. 16.000 proposamen jaso zituzten, eta hainbeste iritziren uztarketari Wikikonstituzio ere deitu zioten soziologo batzuek. Sare sozialek garrantzi handia izan dute mugimendu sozial guztietan: islandiarren %94ek dute sarbidea Internetera eta bi herenek kontua daukate Facebooken.
Konstituzioa galdeketan onartu zuten iazko urrian: %49koa izan zen parte hartzea eta alde bozkatu zuten%66k. Testuak baliababide naturalak babesten ditu, hauteskunde legea aldatzen du eta herritarren parte hartze politikoa handitzen du. Baina legebiltzar berriak izango du azken hitza, eta ezerezean gera daiteke. Herritarren iraultzak eman ditu fruitu batzuk, baina botere egitura ez da aldatu. Frustrazio puntu bat eragin du horrek gizartean, eta azkenaldian ez da protesta jendetsurik ikusi kaleetan. Gizarteak, baina, kontzientzia hartu du eta protestak, kalean baino, sareran jarraitzen du.