Bilboko espaloiak zuritu zituen elurrak atzo, doi-doi izan bazen ere. Eta zailtasun bertsuarekin, Ibex-35 (+%0,53) indizeak, 11.000 puntuen langa zapaldu zuen, otsailak 2tik lehen aldiz. Egun hotza izan zen eguratsari dagokionez eta are hotzagoa erreferentzia makroekonomikoei begira: berri gutxi, 1.761 milioiren salerosketa eskas samarra, eta, gorabehera nagusiak, akziorik txikienetan. Gorrietan, Iberiak %2 galdu zuen, eta Mapfrek %1,58; berdebeltzetan, Sabadell (+%3,41) eta %2na pasa irabazi zuten Acerinoxek eta Abengoak. Repsol-YPF eta BBVA %1na pasa igo ziren arren, Endesak (=) elur panpina zirudien, eta bi erraldoiak, Edurnezuri eta Santander, %0,3na pasa igo ziren. Dow Jones ere ez hotz ez bero esnatzeak, berriz, geure indizeen lozorroa lagundu baino ez zuen egin. Finean, argazkitarako egun aproposagoa izan zen txerritxo ehizarako baino. Finantza egonkortasuna bermatua dagoenez (klima), egunean eguneko eguraldia begiratu behar.
Santander. Finantza erakundeek gordailuen lortzeko borroka areagotuko dutela diotenak geroz eta gehiago dira. Santander (+%0,34) bankuaren Internet bidezko filiala den Openbankek, berbarako, urtebeterako gordailuak %4an jasoko ditu. Bada zerbait.
Telefonica.Telefonicak (+%0,39) bost urterako 1.400 milioiren zorra jaulki zuen atzo; %3,4ko errentagarritasuna ordaindu beharko du. Bistan da finantza erakunde gehienek baino zorpetze ahalmen handiagoa duela, egun, Edurnezurik.
Elur maila 11.000 puntuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu