AEBetako hauteskundeen emaitzak jakiten joan diren heinean, ekaitza indarra hartuz joan da finantza merkatuetan; hori erakutsi du S&P 500 indizearen gerokoen merkatuak, une batean %5 amildu baita. Eta Trumpen garaipenak eragindako ezusteak, nahigabeak, ziurgabetasunak, erreakzioak bete-betean jo ditu Asiako burtsak, haien itxiera orduraino. Horrela, Tokioko Nikkei 225 indizeak %5etik gorako galerarekin itxi du eguna, 900 puntu baino gehiago galduta. Hong Kongeko Hang Seng indizeak, berriz, ia 500 puntu galdu ditu, %2,16. Txinako burtsetan galerak txikiagoak izan dira eta Shanghaiko burtsa eta Shenzenekoak beherekada %0,6koa izan da.
Europako burtsek hartu dute txanda orduan, eta galera handiekin zabaldu, baina ekaitza eta S&P baretzen joan diren heinean galerak leunduz joan dira. Hala, 11:00etan, Europako burtsa nagusiak %2tik azpiko jaitsierak eduki dituzte. Orduak aurrera joan ahala, joera hori areagotu egin da, eta New Yorkeko burtsa zabaltzerako Europako indize nagusiak kolore berdekoak dira, hasi Londrestik —FTSE 100 %0,70 irabaziz— eta Frankfurteraino —DAXa %0.20ko igoerarekin—. Madrilgo IBEX 35 indizea da salbuespena %1,51ko jaitsierak zenbaki gorrietan mantendu baitu.
IBEX 35-aren bilakaraeran zerikusi zuzena du indizeko banku handienetakoa de BBVAk gaur burtsan izan dituen galerak, ez baita egun osoan %8,5eko jaitsieratik errekuperatu. BBVAk Mexikon dituen interesak eta mexikar pesoak jasan dezakeen presioak kezka eragiten dute inbertsiogileen artean. Finantza entitateak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du eta azaldu bankuaren emaitzek eta kapitalak estaldura dutela mexikar pesoaren baliogaltze baten kasuan.
Behin Wall Streetek ere berdean zabaldu duenean eguna, baretzea egonkortu egin da. Izango zuen zerikusirik horretan Erreserba Federalak interes tasak igotzeko aukera erdira murriztu direla Trumpen garaipenarekin eta horretaz konturatu direla merkatuak. Dena den, negoziazioak zabaldu aurretik, badaezpada, NYSEk malgutu egin ditu baloreen kotizazioak etetea eragin dezaketen galera mugak.
Burtsen aldakortasuna ikusita, lehen unean inbertsiogile askok balore seguruetarantz jo dute; adibidez, altxor bonuak eta urrea erosi dituzte. Baina haien igoerak ere apalduz joan dira. Hainbat adituren ustez, lehen ekaitzaren ondoren zer etor daitekeen zain daude inbertsiogile asko. Beste batzuek aldakortasunaren abantailak baliatu dituzte epe laburreko negozioak egiteko, eta gerokoen merkatuetan negoziatutako bolumenak igotzen joan dira egunean zehar.
Trumpen ekaitzak merkatuetan inor hondoratu badu hori mexikar pesoa izan da, %12 inguruko erorketa izan baitu hasieran. Kotizazioa zertxobait berreskuratu du gero, baina %8ko jaitsierarekin jarraitzeko, hots, dolarreko 20 pesoko trukean. Euroa, berriz, hasiera batean indartu egin da dolarrarekiko eta Brexitaren aurreko 1,1299 dolarreko balioa izatera iritsi da. Berdin gertatu da yenarekin eta libera esterlinarekin. Gorabehera handien ostean, hala ere, dibisa merkatuetara ere iritsi da baretzea eta euroarekiko galdutako ia guztia berreskuratu du dolarrak, eta yenarekiko galera %4tik %2ra apaldu du.