Eusko Jaurlaritzak uste du sektore eolikoak, gaur egun dituen zailtasunak gaindituta, baduela etorkizuna, eta, hura bultzatzeko, fabrikazio aurreratuko zentro bat sustatuko du. Eibarren egongo da (Gipuzkoa), IK4-Tekniker zentro teknologikoan. Beren produktuen erresistentzia eta kalitatea probatu nahi dituzten enpresetara izango da zabalik. Bereziki baliagarria izango da airesorgailu handiekin ari direnentzat, beren lantegietan ez duten lekua izango baitute Eibarren: 90 metro luze, 14 metro zabal eta 12,2 metroko altuera duen pabilioia. Jaurlaritzak espero du off-shore erroten (itsasoan jarrita daudenak) teknologia hobetzeko balioko duela, gaur egun kostu aldetik dituen arazoak gainditzeko batez ere.
Eusko Jaurlaritzaren 4,5 milioi euroek abiaraziko dute proiektua, eta Teknikerrek eta Energiaren clusterrak kudeatuko dute. Sektoreko euskal enpresa nagusiak —Gamesa, Hine, Antec, Lau Lagun, Glual eta Wec— izango ditu bazkide, eta haiek izango dute lehentasuna instalazioetan.
Erabiltzaileek ordainduko dituzten sariak, bazkideen kuotek eta administrazioek ikerketa eta garapenerako ematen dituzten dirulaguntzak izango ditu diru iturri. Proiektuaren garrantzia nabarmendu du Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak: «Euskadik erreferentziazko herrialde izan nahi du sektore eolikoan, bere hornitzaileen gaitasunari esker». Eibarko «puntako» ekipamenduari esker, euskal enpresek lehiakideekiko abantaila izatea espero du Tapiak.