Gaindegiak uste du geure buruari galdetu behar geniokeela ez ote genukeen "jauzi egin behar" menpekotasun txikiagoa eta balio erantsi handiagoa ekarriko liguketen egoeretara. Inportazioek Euskal Herrian izandako bilakaera aztertu du Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, eta ondorioztatu du energia zein elikagai burujabetzarako bidea urratzeke dagoela.
39.769 milioi euroko balioa izan zuten iaz Euskal Herrira egindako inportazioek. Orain hogei urte halako bi izanik ere, 2008an baino %22 txikiagoa da kopurua. Zifra horiek ez dituzte kontuan hartzen Frantziako Estatutik Ipar Euskal Herrira sartutako produktuak, datuek ez baitute horretarako aukerarik ematen. Era berean, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko salerosketak ezin dira bereizi, eta, beraz, kanpo inportazio gisa ageri dira.
Gutxi gorabehera, barne produktu gordinaren %44,4ren parekoa da inportazioen balioa. Kopurua Europako Batasuneko batez bestekoa (%40) baino handixeagoa da, baina herrialde txikietan ohikoa izaten da inportazioek pisu bereziki handia izatea, lehengai gutxiago dituztelako eta baliabide asko kanpoan erosten dituztelako. Luxenburgon BPGaren %168,1 dagokie inportazioei, Belgikan %81,7, Danimarkan %48,4... Norvegia da salbuespenetako bat, BPGaren %30etik beherako inportazioekin, petrolioaren jabe delako.
Hain zuzen, Gaindegiaren arabera energia produktuak dira "sektore gakoa" inportazioetan. Atzerritik dator kontsumitzen den ia energia guztia. Hego Euskal Herrian energia produktuek hartzen zuten inportatutakoaren guztizko balioaren ia herena; eta, haren barruan, petrolioaren azpisektoreak, nagusiki. Energia produktuetatik datozen inportazioen balioa hamar aldiz handiagoa da orain duela hogei urte baino. Industriak pisu handia du, eta horrek areagotu egiten du energiaren beharra. Euskal Herriak ez du lehengairik, ordea, ezta energia berriztagarriak ekoizteko azpiegitura sendorik ere. Hala, Europako beste herrialde asko bezala, hornitzaile tradizionalekiko —Errusia— menpekotasuna saihestu nahian dabil, prezioek eta unean uneko krisi geopolitikoek hainbesteko eraginik ez izateko.
Dirutan, elikagaiak ez dira sektore aipagarrienen artean ageri, baina Euskal Herriak saldo negatiboa du elikagaiei dagozkien merkataritza fluxuetan. "Etorkizunari begira sektore estrategikoa da, ordea, eta, beraz, geure buruari galdetzea dagokigu ea halako menpekotasun handia izaten jarraitu nahi dugun, berez elikagaiak ekoizteko ahalmena izan badugula kontuan hartuta". Gaindegiak gogoratu du herrialde aberats gehienek bezala etxean berez baduena kanpoan erosteko joera duela Euskal Herriak. "Horrek, kanpo menpekotasuna areagotzeaz gain, berebiziko kaltea egiten dio bertako ekonomiaren aniztasunari, baita gure ahalmen estrategikoen kontserbazioari ere".