ENERGIA

Energiaren erreforma Auzitegi Konstituzionalera eramango du Nafarroak

Tarifak epea amaitu aurretik aldatzeak segurtasun juridikoa bortxatzen duela diote Iruñeko agintariek, eta Nafarroan kalte handia eragingo dutela.

Berria.info
2013ko irailaren 25a
17:35
Entzun

Nafarroako Gobernuak helegitea jarriko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean energiaren lege dekretuaren aurka. Juan Luis Sanchez de Muniain bozeramaileak, segurtasun juridikoa bortxatzen du legegai horrek, energia berriztagarriek jasotzen zituzten laguntza batzuk hitzartutako epearen aurretik gutxituko dituelako. Gainera, erreformak Nafarroari bereziki kalte egiten diola ziurtatu du.

Azken asteotan Nafarroako erakundeei presio egiten aritu dira energia berriztagarrietako enpresak, dekretua bere horretan lege egingo balitz beren jarduera eta enplegua arriskuan egongo lirakeela uste dutelako.  Guztira ehunen bat enpresa aritzen dira berriztagarrietan, eta 3.800 lanpostu dituzte. Gainera, energia sortzeko 9.000 instalazio daude lurraldean zehar barreiatuta, eolikoak batzuk, baina batez ere eguzkia baliatzen duten panel fotovoltaikoak.

Nafarroako Parlamentuak ontzat hartu zuen sektorearen kexua, eta atzo deialdi horrekin bat egin zuen Barcinaren gobernuak ere. Aurretik Extremadurako eta Murtziako gobernuek ere erabaki zuten Auzitegi Konstituzionalera jotzea. Eusko Jaurlaritzak larunbatean jakinarazi behar du bere iritzia energia erreformari buruz, baina azken egunotan dei egin dio Madrili kontuan har dezala lege berriarekin industriaren argindarraren faktura %20 igoko dela, eta horrek siderurgiako hainbat enpresa «ixteko zorian» utz ditzakeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.