Enkantea ez egiteko, Jukosek kiebra aitortzeko eskatu die AEBetako epaileei

Erredakzioa
2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Jukos petrolio ekoizleak porrot egoeran dela ebazteko eskatu die AEBetako auzitegiei. Filial nagusiaren enkantea igandean izaki, salmenta saihesteko baliabide guztiak erabiltzeko asmotan dabil konpainia. Salatu duenez, azken hiru hilabeteotan Jukosen ekoizpenaren %62 eragiten duen filialaren salmenta ekiditeko 70 proposamen inguru igorri dizkio Errusiako Gobernuari. Ezezko erantzunarekin itxaropen osoa galdu eta AEBetako justiziaren babesaren bila ekin dio, «porrot egoeretan, AEBen eskumena mugarik gabea baita».

Jukosen zenbait akziodun, gainera, berton bizi dira. Enkantea ez ezik, zerga eskakizunak konpontzeko Errusiako Gobernuak arbitraia onartu dezala eskatu dio Jukosek Houstongo auzitegiari. «Zoritxarrez, gure akziodunen, langileen eta bezeroen eskubideak babesteko daukagun azken baliabidea da hau», ohartu zuen Steve Theede petrolio konpainiako zuzendari nagusiak.Sergei Mironov Errusiako Senatuko presidenteak neurriaren eraginkortasuna zalantzan jarri zuen. Ohartarazi zuenez, «Errusiako legeekin baino ezin da aztertu Jukosen gatazka. «Ez dago arrazoi politikorik, zergak ordaindu egin behar dira», gaineratu zuen.Konpainiak ez du amore eman artean eta enkantea «desjabetzea» dela salatu du. Hori dela eta, prozesua gelditu dezan eskatu dio Houstongo auzitegiari.

Etorkizun beltza

Finantzetako adituek bide laburra iragarri diote Jukosen azken ekintzari. AEBetako auzitegiei porrot egoeran dela eskatzeak ondoriorik ez duela izango baieztatu dute.

Anton Zatolokin MDM Bankuko analistak azaldu duenez, «AEBetako justiziak ez du inolako eskumenik Errusiako erakundeengan eta, gainera, Jukos ez da AEBetako konpainia bat». «Presio neurria da». Aleksei Kormshikovek, Uralsifv finantza erakund eko adituak, berriz, Jukosen arrakastarako aukerak «oso eskasak» direla nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.