Enkarterri biziberritzeko abiatutako plana bere emaitzak ematen ari da, edo hala azaldu du gaur goizean Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena sustatzeko diputatuak. Langabezia datuak eman ditu horretarako. 2018 eta 2019 urteen arteko plana martxan jarri denetik 11 hilabete igaro dira, eta denbora tarte horretan 192 langabe gutxiago daude eskualdean. Hau da, langabezia %7,95 jaitsi da Enkarterrin, Bizkaian %5,6 egin duenean behera. Horregatik, hartutako neurriak egokiak izaten ari direlako, plana bideratzeko aurreikusitako 3,6 milioi euroen partez, 7 milioi bideratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Erakundeen arteko mahaian mankomunitatea eta eskualdeko udal denak daude, baina ekarpen ekonomikoa bi erakunde nagusiek egiten dute.
Edozein modutan, bideratuko den diru horren erdia BI-630 errepidea hobetzeko erabiliko da. Balmasedatik mendebaldera errepidea egokituko da, eta bost fasetan egingo da. Balmaseda eta Sopuertako Malabrigo auzoen artekoa izango da lehenengoa, eta datorren astean lizitatuko da lan hori. Hemezortzi hilabeteko lanak izango dira, eta 6,5 milioi bideratuko dira denbora tarte horretan guztian. Hau da, 2019an 3,5 milioi inguru erabiliko dira azpiegitura hobetzeko.
Errepideak eta azpiegiturako hobetzea zen planaren oinarrietako bat, baina baita enpresen jarduera sustatzea ere. Horretarako, lau enpresek Jaurlaritzaren Indartuz programan parte hartu dute —orain arte ez zeuden proiektu honetan—, eta 3,7 milioi euroko inbertsioa egiteaz gain 44 lanpostu sortu dira. 52 enpresa txiki eta ertainek laguntza berezia jasoko dute garapen proiektuak bideratu eta lehiakortasuna hobetzeko, eta eskualdeko 35 tailer mekanikorekin proiektu pilotu bat abiatuko dute. San Viator lanbide heziketako zentroarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, mugikortasun elektrikoan sakontzeko egitasmoak aztertuko dituzte, eta hamasei dendetan sarera jauzi egiteko proiektuak abiatuko dituzte.
Horrekin guztiarekin plana garatu eta eskualdeko egoera sozioekonomikoa hobetzea aurreikusten du Pradalesek. Hala ere, plana amaitu ostean egitasmoa ez da bere horretan geratuko, eta Enkarterrirako 2020-2025 urte arteko proiektu estrategikoa bultzatuko dute.