Industria jarduerak 1999ko mailaren pareraino egin du atzera, eta 2012rako 7.000 enplegu galduko dira Gipuzkoan, Gibelaldek esan duenez. Abuztura arte 500 enpresa desagertu dira lurraldean, eta, Adegiren kalkuluen arabera, BPGa %1,2 jaitsiko da aurten. Alegia, Gipuzkoako BPGak zazpi urte egin du atzera. "Atzeraldi gero eta sakonagoa da", esan du serio Gibelaldek. "Pobreagoak gara", jarraitu du, 2006ko mailara jaitsi baikara.
Etorkizun hurbilera begira ere ez da baikor Gipuzkoako enpresen elkartea. Atzeraldiak jarraitu egingo duela diote, eurogunean ere gero eta egoera okerragoa dagoelako. "Enpresa asko daude ixteko zorian Gipuzkoan". Dagoeneko bost urte egin ditu "1929ko krisiaz geroztik egokitu zaigun handienak". Hamar urte egin dugu atzera, Gibelaldek esan duenez, eta horrekin batera urgentziazko itun handi baten beharra aldarrikatu du: "Enpresa jarri behar dugu aberastasuna eta enplegua sortzeko estrategiaren erdian. Enpresak sortzen du enplegua, eta adiministrazioek enpresa sortzearen alde jokatu behar dute, produktiboa ez den gastua murriztuz eta ahalik eta baliabide publiko gehien enpresaren alde jartzeko. Ez dago beste alternatibarik".
Danimarkan asmatutako malgusegurtasuna Euskal Herrira ekarri, eta "eredu propioa" egin nahi du Adegik, sindikatu eta administrazioekin batera, "elkarren arteko konfiantza" sustatuz. Oinarri horrekin enplegua sortzeko ituna martxan jartzeko "premia" dago.
"Gurasoen ahalegina eta lanerako izpiritua" berreskuratu behar direla dio Gibelaldek, "etikarekin eta erantzukizunez jokatuta". Munduan lehiatzeko abantailak galdu ditu euskal enpresak, soldaten kostuarengatik, eta orain "ahalegin gogorrak" egin beharko direla dio. Hala eta guztiz ere, mezu baikor batekin bukatu nahi izan du Adegiko presidenteak: "Prest gaude zulotik ateratzeko, lan gehiago eta lan hobea eginez, eta aterako gara. Beldurrik gabe jo dezagun aurrera".